Posted

Ubuntu: “Ni banaiz, komunitateko kidea naizelako”

Zulueraz, “ubuntu” hitzak “Ni banaiz, bagarelako” esan nahi du. Nolabait, komunitate bateko kide izatearen eta guztien ongiaren kontzeptua adierazi eta helarazten du. Atarrabiako Udalak, Nafarroan, erreferentziazko hitz hori hartu eta jai-jardunaldi bat antolatu zuen, hiri atsegina eta iraunkorra eraikitzen jarraitzeko inplikazio kolektiboaren garrantziari buruz herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientzia harrarazteko helburuarekin.

- - - - - - -

Kontu ezaguna da Nafarroako Atarrabia udalerriak sentsibilitate berezia daukala ingurumenarekiko eta komunitatearen kontzeptuarekiko.

Foru Komunitateko txikiena da, baina Tokioko biztanleria-dentsitatearen antzekoa du. Dena den, udalerria benetan ezaugarritzen duena erakundeen eta herritarren arteko elkarlan aktiboa da, naturarekin berriro konektatzeak ingurumenaren eta osasunaren arloko onurak ekartzen dituela ulertzen baitute denek. Lehen bakarrik zementua nagusi zen plazetan berdeguneak sortzea, boluntariotza-jardunaldiak antolatzea ibaiak garbitzeko, mendian bazkatzen diren ardiak suteak ekiditeko… Horiek dira herri honetan gauzatu dituzten ekintzetako batzuk, gazteak, adinekoak, helduak eta haurrak, merkatariak eta bezeroak inplikatzearen bidez Atarrabia hobea lortzea helburu izanda. (irakurri hemen)

Maiatzaren 13an, larunbata, berriro egin zuen. Hain zuzen, jarduera berri bat planteatu zuen: UBUNTU Bizikidetzaren aldeko azokaren lehen edizioa.

Zulueraz, “ubuntu” hitzak “Ni banaiz, bagarelako” esan nahi du. Nolabait, komunitate bateko kide izatearen eta guztien ongiaren kontzeptua adierazi eta helarazten du.

Udalak erreferentziazko hitz hori hartu eta jai-jardunaldi bat antolatu zuen, hiri atsegina eta iraunkorra eraikitzen jarraitzeko inplikazio kolektiboaren garrantziari buruz herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientzia harrarazteko helburuarekin.

Eta xede horretan bat dator Iruñerriko Mankomunitatearekin. Erakunde erkidetuak, hain zuzen, askotan babesten du udal hori, sentsibilizazio-ekintzetan.

Biek ala biek hainbat elkarte inplikatu zituzten proiektuan, hala nola San Andres erretirodunen kluba, Betegarriaren Kofradia, Erraldoien Konpartsa eta bertako merkatariak, tailerrak, emanaldiak, dastatzeak eta standak barne hartu zituen egitarau bat egiteko.

Egun osoan, zenbait jarduera egin ziren herrian, besteak beste, lorezaintza-tailerrak, marrazketakoak, mugikortasun iraunkorrekoak eta hiriko txakurren sozializazio saioak, erakusketa bat, kaleko antzerkia, eta Iruñerriko Mankomunitateak puzgarriak, Plastikeria, ur-taberna eta hondakinen kudeaketari buruzko informazio-gunea jarri zituen.

Azoka amaitzeko, zero kilometroko produktuak dastatzeko aukera egon zen, hau da, Atarrabian bertan egindako produktuak, adibidez, betegarria edo odolki zuria tomatearekin eta txorizoa sagardotan, gazta eta txorizoa, mendiko mazeletan sastrakak kentzen aritu diren “behi suhiltzaileen” artzainak egindakoak, ardoa eta patxarana.

Dastatze-saio hori alaitzeko musika-eskolako taldeen zuzeneko musika egon zen, eta apaintzeko jarri zituzten eserlekuak elkarrekin egotea eta hizketan aritzea errazteko moduan kokatuta egon ziren.

Izan ere, ekimenaren helburu nagusia horixe zen, bizikidetza.

Eta bai, lortu zuten, kultura-, gizarte- eta udal-agente desberdinen parte-hartzea giltzarria izan baitzen, ziur asko edizio gehiago izatera helduko den egun hau ongi joan zedin.

Herri honetan ingurumenarekin lotuta gauzatu dituzten beste ekimen batzuen berri izan nahi baduzu, klikatu hemen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.