Carol Jiménez, Lidia Irurre, Izan Valles eta Guille Paredes Eraikinak eta lokalak garbitzeko eragiketetako laguntzailearen Oinarrizko Lanbide Gradua ikasten ari dira, Iruñeko Hezitzaile Eskolan. Normala denez, beren etorkizun profesionala oso lotuta egongo da urari, garbitzeko erabiliko baitute, eta horregatik daude hain konprometituta haren erabilera onarekin. Ana Soladana irakaslearen begirada ernearen pean, uraren garrantzia eta urari egiten zaizkion prozesuak ikasi eta aztertu dituzte –lehenbizi, kontsumitu ahal izateko, eta, ondoren, arazteko, naturara ahalik eta hobekien itzultzeko prozesuak– . “Komun-zulotik behera desegokiak diren gauzak botatzeak ingurumen- eta ekonomia-kostu handi-handia du. Gero, gehiago kostatzen da ura garbitzea”, zehazten dute.
Hori dela-eta, eskolako gainerako ikaskideen kontzientzia astintzeko, kartel batzuk prestatu dituzte, mezu “argiak eta laburrak” dituztenak, “ongi uler daitezen”, eta ikastetxeko komunetako paretetan jarri dituzte zintzilik. “Ez dakigu jaramon handirik egiten ari diren kartelei”, esan digute, “COVID-19aren arazo honekin, ez gara inorekin batera egoten komunetan eta ezin dugu kartelei buruz hitz egin”. Proiektu honetarako ex profeso edo berariaz erabiltzen ikasi duten aplikazio informatikoekin egin dituzte kartelak. Komun-zulotik eta hustubideetatik botatzen ditugun hondakin desegokien kontra ohartarazten dute, eta narbarmentzen zeinen garrantzitsua den ura aurreztea eta alferrik ez galtzea. Lelo zuzen horiek, besteak beste, “Bota hemen zure hondakinak; komun-zuloa ez da paperontzia” eta “Gaur botatzen duzun ura bihar beharko duzuna da”, QR kodeek osatzen dituzte. Zehazki, QR kode horiek taldeak egindako aurkezpen batzuetara bideratzen gaituzte, eta aurkezpen horietan gai honi buruzko informazio gehiago dago.
“Zer da ura zuentzat?” galderari ematen dizkioten erantzunak oso argigarriak dira, elementu horren garrantzia oso barneratuta baitute:
“Esanahi handia du –esan du Guillek–. Ongi hidratatuta egoteak kirola egiten laguntzen du. Energia hidraulikoa ere oso garrantzitsua da. Urari etekin asko eta handiak atera ahal zaizkio”.
“Hortz-haginak garbitzeko, edateko… erabiltzen dugu. Garrantzitsua da iturria ixtea geure burua garbitzen ari garenean, alferrik ez galtzeko”, esan digu Carolinak.
Lidiaren ustez, ura garrantzitsua da “animaliak eta landareak bizi daitezen”.
Eta iritzi berekoa da Izan, ura hidratatzeko ezinbestekoa dela zehaztuta.
Azkenik, Ana irakasleak esaten du “ura bizia, gozamena…” dela, eta “ur-txakur” bat ere baduela gehitu du.
Lan handi eta on honen ondoren, hondakinen kudeaketaren gainean lan egiten jarraituko du taldeak, hori ere funtsezkoa baita beren lan-etorkizunerako.
2021.eko Uraren Nazioarteko Eguna zela eta post serie bat sortu genuen “Ura zer da zuretzat?” lelopean (#water2me). Hauek izan ziren post honekin batera kaleratutako beste post batzuk (klikatu haien gainean):
Utzi erantzuna