Posted

Elkarlana tresna moduan, proiektu eraldatzaile batean

Ermitagaña HLHIP (Nafarroa) ingurumen-proiektu bat garatzen ari da, hezkuntza-komunitatea eta inguruan duen bizilagun-komunitatea eraldatzeko asmoarekin. Bide horretan, asmamena eta sormena erabilita, loturak sortzen joan da, hainbat hezkuntza-, gizarte- eta ingurumen-ekimen gauzatzeko bidea ematen duten zenbait agenterekin.

- - - - - - - - - -

Cristina Cirauqui Carrión Nafarroako Ermitagaña HLHIP ikastetxeko 6. mailako tutorea da, eta argi du: sinergiak bilatu eta sortu behar dira.

Asmamena eta sormena erabilita, loturak sortzen joan dira hainbat agenterekin: Mancoeduca, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Eskola Iraunkorren Sarea, Iruñeko Udalaren Ingurumen Zerbitzua, auzo horretako elkarteak, besteak beste, Hazialdea, eta Nafarroako Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren Sarea (zeinak IetaZS I. saria eman zion Ermitagaña HLHIPri 2022-2023 ikasturtean). Eta haiekin asmo handiko proiektu bat garatzen ari da, ingurumen- eta gizarte-hezkuntzan, iraunkortasunean, sormenean, hezkuntza-teknologietan eta neurohezkuntzan oinarrituta.

Duela bost urte hasi zen dena, eskola-baratzea jarri zutenean martxan, Gurasoen Elkartearen eta familien laguntzarekin. Horixe izan zen proiektu beraren barnean garatzen ari diren eta, ikastetxeko hezkuntza-komunitatea ez ezik, auzoa ere inplikatzeko asmoa duten beste ekimen askoren ernamuina:

  • AUZO GARBI BATEN ALDE. Asmoa da bizilagunen pertzepzioa ezagutzea, auzoaren egoerari eta hondakinen kudeaketari buruz, beraiek bizi diren ingurune hori hobetzeko. Horretarako, ikasleak kalean elkarrizketak egiten hasi dira, eta, komunikaziorako bide moduan, postontzi bat egokitu dute, iragarki-taula bat eta QR kode bat, ingurumen- eta gizarte-formulario batera sartzeko, dena eskola-baratzean kokatuta. Aurreikusita dago emaitzak bizilagunekin partekatzea, iragarki-taula horren bidez eta podcasten bidez.
  • INGURUMEN-BATZORDEA. Bertan, ordezkari moduan parte hartzen dute 10 ikaslek eta 2 irakaslek, eta bai biodibertsitatearen eta iraunkortasunaren alde ikastetxearen jarduerak dinamizatzeko ardura duten beste pertsona batzuek ere.
  • E-AHOLKU KOMUNITARIOEI ZABALKUNDEA EMATEA. Podcastak sortzean oinarrituta dagoen ekimena da, hezkuntza-komunitatea kezkatzen duten hainbat gairen gaineko informazioa emateko diseinatua. Hezkuntza-komunitateko guraso baten eta hezkuntzaren esparruan esperientzia duen “podcaster” profesional baten inplikazioarekin, jarduera hau garatzeko beharrezkoa den alderdi teknikoa ikasi ahal izan zuten ikasleek.

Ikasnova programak (Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua) grabaziorako eta ediziorako kit profesional bat laga zion ikastetxeari, eta horrek ahalbidetu du sei podcast grabatzea eta iVoox kanalera igotzea.

  • OSTIRAL BERDEAK eta “hozkategia” (liburutegi eta ludoketa bihurtutako hozkailua). Atsedenaldian eskola-baratzea dinamizatzeko pentsatutako jarduera da. Eko-ordezkarien batzordea arduratzen da ikasleen edukiera kudeatzeaz baratzean, eta bai parte-hartzaileen gozamena antolatzeaz ere, liburuen, jolasen eta ingurunea esploratzeko lupen bidez.
  • UHARTE EKOLOGIKOAK. Hondakinak bereizita bota ahal izateko zakarrontziak eskuratu ditu ikastetxeak, hartara, jolastokia ongi erabiltzeko, eskola-ordutegia ez denean auzotarrekin partekatzen den toki bat. Helburua da leku honen garbitasuna hobetzea, modu erantzukidean. Kokatzea Auzoko Unitateari planteatu zaio, ikastetxeak bultzatutako hobekuntza moduan.
  • BARATZEAREN EGUNEKO LANSAIOAK. Maiatzaren 15ean, San Isidro egunarekin batera, jarduerak egingo dira familiekin eta bizilagunekin. Alde batetik, Mancoeduca programak konpostaje-tailerra eta dinamizazioa egingo du, auzoetan konpostajearen garrantzia nabarmentzeko. Beste alde batetik, eko-ordezkarien batzordeak sormenezko birziklapenari buruzko tailer bat egingo du, eta zenbait familiak YARN BOMBING instalazio bat egingo dute (komunitate-zentzua, kakorratz-lana eta artea batzen ditu) baratzeko zuhaitzetan. Aldaxken eta hazien trukea ere egingo da egun horretan.

Cristinaren beraren hitzetan (Cirauqui, proiektuaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat), “hau bezalako proiektu eraldatzaile baten parte izateak esan nahi du ikasleak modu aktiboan inplikatzea kausa komunitario batean. Ingurumen-aktibista bihurtzen dira, hurbilen duten inguruneari kontzientzia harrarazteko, E-AHOLKU KOMUNITARIOEN bidez.

Hau guztia hezkuntza-komunitate osoaren elkarlanari esker lortzen da, erdiesteko modukoa den utopia batetik: gure ingurunea, gure auzoa eta gure gizartea eraldatu nahi dugu, oso boteretsua den arma baten bidez, heziketaren bidez.

Irakasle gisa, nire leloa da “ikaskuntzak erein, buruak landu”, eta, hori dela-eta, izugarri gustatuko litzaidake hemendik 15 edo 20 urtera nire ikasleak ikustea beren ametsen alde borrokatu direla hazteko pentsamolde horren bidez. Eta batek daki, beharbada baten bat ingurumenaren alorreko GKE baten burua izatera helduko da, edo NBEren parte izatera, klima-aldaketaren kontrako borrokan eta munduan bakea nagusitzearen alde. Orduan, mundu hobea eraikitzen lagundu dudala sentituko nuke”.

Beste bizipen batzuk ezagutu nahi badituzu, horra hor beste post gehiago:

Naturatik artera

Garapen Iraunkorrerako Hezkuntza, Unescoren printzipioen arabera

Baratzea eta konpostajea: bonba pedagogikoa

Oinez ibiltzea inspiraziotzat hartua

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.