Ba al dakizu gai organikoak energia eta konpost bihur daitezkeela? Hortaz, konturatzen al gara gure hondakinak gaizki bereizten ditugunean eta birziklatu ahal izango litzatekeena birziklatzen ez dugunean zakarrontzira botatzen dugunaz?
Iruñerriko Mankomunitateak 147.353 tona hondakin bildu zituen guztira 2024an. Iruñerriko bio-hondakinen (edukiontzi marroietako gai organikoak, etxeko eta auzoko konpostajean jasotakoa eta hondakin berdeak) gaikako bilketan 28.444 tona jaso ziren, hau da, sortutako guztiaren % 46,28.
Europako, Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko esparru arauemaileek asmo handi-handiko helburuak ezartzen dituzte 2027rako hondakinen bilketa eta tratamendurako: sortutako gai organikoen % 70en gaikako bilketa, eta, gehienez ere, % 10 izatea gaizki sailkaturiko hondakinak gai organikoen frakzioan.
Horrenbestez, oraindik asko dago egiteko, eta, batez ere, baliabideak galtzen ari garelako. Zabortegian lurperatzen diren hondakinak galdu egiten dira eta ezin dira berreskuratu. Tratatuko balira, beste material bat bihurtuko lirateke, edo, gai organikoen kasuan bezala, biogas edo konpost bihurtuko lirateke.
Hori dela-eta, zenbait programatan ari gara lanean eremuen arabera:
• Industria-eremua (atez ateko sistema) – 2024ko udazkenean abian jarri zen Landaben industrialdean atez ateko eta frakzio bereizien bidezko bilketarako esperientzia pilotua. Horrek berekin ekarriko du 2025ean hondakinak sortzeagatik ordaintzea ezartzea mota horretako jardueretan. Gero, esperientzia pilotuaren emaitzak ebaluatu eta gero, bilketa-sistema hori Iruñerriko industrialde guztietara hedatuko da.
• Landa-eremua (gai organikoen 0 kilometroko kudeaketa) – Sistema honekin, jatorrian tratatzen dira etxeko hondakin organikoak edo parekagarriak, eta bai inauste- eta lorezaintza-hondakinak ere. Etxeko konpostajea gai organikoak tratatzeko lehentasunezko metodoa da, konpost-ontzi bat jarrita etxebizitzan bertan, terrazan, lorategian edo baratzean. Inauste-lanetako eta lorezaintzako hondakinak kudeatzeko, hondakin horiek metatu eta birrintzeko guneetan oinarritutako sistema bat ezarri da modu orokortuan. Amaitzeko, irizpide teknikoengatik etxeko konpost-ontziak jartzeko aukera ematen ez duten etxebizitzak dauzkaten herrietan, auzoko konpostajerako guneak egokitu dira. Herri horietako gehienetan kendu egin dira gai organikoetarako edukiontziak, eta, beraz, horrek ekarri du gai organiko horiek tratamendu-plantara eramateko haien bila joaten ziren kamioien karbono-aztarna gutxitzea. Horrenbestez, hondakin organikoak konpost eta kalitateko ongarri bihurtzen dira hondakin horiek sortzen diren tokietako lursail eta baratzeetarako.
• Eremu hiritarra eta erdi-hiritarra, ESKS – Azkenik, hiri-eremuan, hondakinak biltzeko sistema berri bat ezarri da, gai organikoetarako eta gainerakoetarako edo errefuserako edukiontziei sarraila elektronikoa jarrita. Hain zuzen, Iruñerriko hiri-eremuko biztanleen % 95i ari zaie zerbitzua ematen. 2018an hasi ziren ezartzen edukiontzi horiek eta emaitza onak lortzen ari dira, eremu horietan gai organikoen bilketa % 17koa izatetik % 34,4koa izatera igaro baita.
Eta zer gertatzen da gero gai organiko horiekin?
Etxeetan sortutakoak tratamendu-planta edo -instalazio batera eramaten dira. Han, konpost bihurtzen dira, gero nekazaritzan erabili ahal izango dena, edo, gainerakoan, elektrizitate bihurtzen dira, sare orokorrera injektatu ahal izango dena.
Beste alde batetik, Hondakin Uren Araztegian kendutako karga organikotik, araztegi horretan sortutako lohietatik edo bertan jasotako hondakin berdeetatik ateratakoak erabilera bera izan zuen, eta bere inpaktua nulua izan zen CO2 emisioetan.
Izan ere, biogasa erregai moduan erabilita ekoitzitako energia elektrikoak % 98,2ko autokontsumo elektrikoa ekarri zuen araztegian. Hau da, Arazuriko HUA gauza da berak funtzionatzeko behar duen energia guztia sortzeko, biogasaren energia berriztagarriaren bidez.
Gehiago jakin nahi baduzu:
Bereizi bai, baina ez nolanahi
Ixten ari gara, birziklapenari bidea emateko
Berreskuratutako gai organikoen kantitatea biderkatzen duen sistema berria
Utzi erantzuna