Munduko Bankuaren arabera, hiriek 2.000 milioi tona hondakin baino gehiago sortzen dituzte urtero; uste denez, gero eta handiagoa izango den kopurua. Horrek ekartzen du materialak birziklatu eta berrerabili izatea ezinbestekoa izatea, eta, horrenbestez, hondakinak kudeatzeko irtenbide berriak, eraginkorrak eta iraunkorrak bilatzea presazkoa da.
Egoera honetan, adimen artifiziala (AA) ezustean sartu da, eta hondakinak tratatzeko prozesuetara iraultza ekartzen ari da, hondakinen sailkapenetik birziklapenera, hala, kostuak eta ingurumen-inpaktua gutxitzen lagunduz.
Materialak ongi eta behar bezala bereiztea giltzarria da kudeaketan. Egia da hondakin onena sortzen ez dena dela, baina hondakina existitzen denean oso garrantzitsua da dagokion edukiontzira botatzea, birziklatu ahal izatea errazteko.
Hala eta guztiz ere, jatorrian hondakinak bereiztea ez da beti ongi egiten, eta gaizki sailkaturiko hondakinak egoten dira, ongi botata daudenekin nahasten direnak eta haiek kutsatzen dituztenak. Hartara, AAk, ikusmen artifizialeko eta ikaskuntza automatikoko sistemekin, hauetarako bidea ematen du:
- Materialak identifikatzea: kamerek eta sentsoreek plastikoak, metalak, beira eta hondakin organikoak detektatu eta sailkatzen dituzte denbora errealean.
- Akatsak gutxitzea: AAk gidatutako robotek eskuzko lanaren zehaztasuna gainditu ahal dute, birziklagarriak diren materialak azkenean zabortegira iristea ekidinez.
- Abiadura handitzea: teknologia hauek hondakin-bolumen handiak prozesatzen dituzte denbora gutxiagoan, eta, beraz, birziklapen-instalazioen eraginkortasuna optimizatzen dute.
Hori guztia hondakinak gaika bereiztearen arloan. Horrez gain, birziklapenaren esparruan, eta, ondorioz, ekonomia zirkularra bultzatzekoan, AAk teknika berriak sustatu ere egiten ditu, adibidez:
- AAk lagundutako birziklapen kimikoa: plastiko konplexuak deskonposatzeko konbinazio ezin hobeak identifikatzen ditu.
- Material birziklatuen eskaeraren iragarpena: bigarren mailako lehengaien ekoizpena eta hornikuntza planifikatzen laguntzen du.
- Ekonomia zirkularreko plataformak: adimen artifizialarekin, enpresek baliabideak partekatu eta hondakinak minimizatu ahal dituzte horniketa-kateetan.
Bilketa eta garraioa optimizatzea
Hondakinen kudeaketaren barnean, haien garraioa ere sartzen da. Hondakinen flotaren karbono-aztarna gutxitzeko ibilbideak optimizatzea eta, herritarrei eragozpenak sortzea minimizatzeko, ordutegietan koordinazio ona egitea garraio honen eztabaidagai nagusiak izan dira.
Egun, AA, bilketarako ibilbide eraginkorragoak planifikatzeko erabiltzeaz gain, hainbat alderdi hobetzeko ere baliatzen da, esate baterako:
- Ibilbide adimendunak: algoritmoek kokapenaren, zirkulazioaren eta edukiontzien betetze-mailaren datuak aztertzen dituzte, egin beharreko kilometroak eta CO2 emisioak gutxitzeko.
- Sentsoreak edukiontzietan: konektatutako gailuek beteta daudenean jakinarazten dute, beharrezkoak ez diren bilketak ekiditeko eta logistika hobetzeko.
- Kostuak murriztea: erregai-kontsumo txikiagoa eta langileen banaketa hobea.
Prebenitzea eta murriztea
Gorago esan den moduan, hondakin onena sortzen ez dena da. Hala, hainbat erakundek, adibidez, Iruñerriko Mankomunitateak, herritarren heziketa- eta sentsibilizazio-programan urrezko hiru arauen mantra sartzen dute: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Eta beste laugarren bat gehitzen dute: berriro pentsatzea. Objektu berri bat erosteko beharra berriro pentsatzea, baztertuko den zerbaiten materialak berrerabiltzeko aukerak berriro pentsatzea, eta abar.
Adimen artifizialak hondakinak sortzeari aurrea hartzean ere lagundu ahal du:
- Eredu prediktiboak: kontsumo-ereduak aztertzen dituzte, industrietan eta etxebizitzetan hondakinak gutxitzeko.
- Aplikazio adimendunak: herritarrak gidatzen dituzte, non eta nola birziklatu ongi jakiteko.
RECICLOS, adibidez, Ecoembesek eta TheCircularLab bere berrikuntza-zentroak garatutako aplikazioa da. Ontzien (edarien botilak eta potoak) barra-kodea eskaneatu, edukiontzi horiaren argazkia egin eta ongi birziklatzeagatik puntuak edo sariak lortzeko bidea ematen du.
Eta hori adibide bat baino ez da, gure mugen barnean eta haietatik kanpo hainbat baitaude.
Izan ere, Europan hiri aitzindari ugari daude jada, hondakinak kudeatzeko sistemetan adimen artifiziala sartzen dutenak: sentsore adimendun eta ibilbide optimizatuetatik hasi eta robot sailkatzaile eta sare pneumatiko automatizatuetaraino. Ingurumen-inpaktua gutxitzeko eta baliabideen eta materialen aprobetxamendu eraginkorrerako bidea ematen ari da hori, hain zuzen.
Azken buruan, teknologia hauen erabilerarekin, zaborrak arazo izateari uzten dio eta aukera izatera igarotzen da: ekonomia zirkularra sustatze aldera, modu eraginkorrean kudeatutako baliabidea.
Hondakinen kudeaketari buruz gehiago jakin nahi baduzu:
Bereizi bai, baina ez nolanahi












Utzi erantzuna