Posted

Bartzelona, berdez janzten den hiri handi bat

Bartzelonan argi dute bizi-kalitatea hiri berdearen sinonimoa dela. Egiturak polinizatzaileentzat, belar-mozte partzialak, polinizatzaileen erakargarri diren loreez beteriko lorategiak, hiri-egituraren eta alde naturalen arteko trantsizio-guneak zaintzea… Naturguneek hiriko biztanleen osasunean zuzenean eragiten dutela ulertzen den hiri batean gauzatzen dituzten jarduketak dira horiek guztiak.

- - - - - - - - - - - -

Zenbaitetan zaila izaten da hiriko gune bat eta gune berde bat elkarrekin bizitzea lortzea. Aurreko argitalpen batean (hemen irakurri), Atarrabia hiri berde bihurtzeko egiten ari zen ahaleginak ikusi genituen. Baina ez da bakarra.

Esate baterako, Bartzelonan argi dute bizi-kalitatea hiri berdearen sinonimoa dela, hiri bat non denek gozatu ahal izango duten, etxetik gertu, naturako elementuekin kontaktua izateaz.

“Hiriko berdeguneek hirirako funtsezkoak diren balio ekologikoak ematen dituzte, hala nola naturaltasuna, biodibertsitatea, konplexutasuna eta konektibitatea, eta bai balio soziokulturalak ere, adibidez, osasuna, ongizatea, edertasuna, paisaia, kultura eta gizarte-harremanak erraztea”, ageri da Udalaren webguneko paragrafo batean.

Hori dela-eta, bertako arduradunek estrategia bat ezarri dute, Plan Natura Barcelona (2021-2030) (Natura Bartzelona Plana), 2050. urterako azpiegitura berde funtzional eta ekologikoa sortzeko bidea eman nahi duen tresna. “Hiriko berdearen ingurumen-zerbitzuak, habitaten kontserbazioa eta intereseko espezieak maximizatu nahi ditugu”, azaldu du Octavi Borruelek, Udaleko biodibertsitate-teknikariak.

Asmo handiko proiektu horrek, hain zuzen, Biodibertsitateko karta berdeari jarraitzen dio, erreferentziazko gida horrek jasotzen baitu nola diseinatu ahal diren hiria eta berdeguneak, gizarte- eta ingurumen-zerbitzuak aintzat hartuta eta biodibertsitatearen eta iraunkortasunaren aldeko irizpideak barne hartuta.

Ondorioz, herritarrek ikusten dute zenbait tokitan lehenago ikustera ohituta zeudena baino luzeago dagoela belarra. Hori oso garrantzitsua da, izan ere, hala eginda, jendeak pixkana hartzen baitu hiri-ingurune batean paisaia natural bat egotearen kontzientzia”.

Ekintza horietatik kanpo, jada badauden eraikinetan eta eraikuntza berriko eraikinetan zabaltzak, estalkiak eta argi-patioak aktibatzeko jarduketak sustatzen ditu Udalak, gizarte-, ingurumen- eta energia-aprobetxamenduko estalki berde bihurtzeko.

Eta, horrez gain, hiriko nekazaritza-azalera handitzeko ekimenak planifikatzen ditu, eredu agroekologiko baten arabera. Ildo berean, polinizatzaileek haien lana egiteko aukera aurki dezaten, lorategi eta loreak hazteko eremu asko sortzen ditu.

“Baina gure ahaleginak ez dira hiri-erdigunean gelditzen, ingurune naturalek, adibidez, Montjuïc, Collserola eta Tres Turonsek, habitatak ez suntsitzeko eta biodibertsitatea erakartzeko gune moduan jokatzeko duten garrantziaren jakitun baikara”, gehitu du Octavik.

Halaber, herbizidak debekatu dira polinizatzaileei kalterik ez egiteko eta orain arte askotan aurre egiten zitzaion edo, besterik gabe, aintzat hartzen ez zen landaredi espontaneoari interes naturaleko tratamendua eman zaio.

“Eta, nola ez, hiri-egituraren eta alde naturalen arteko trantsizio-guneetan ere jarduten dugu, erregimen intentsiboago batekin, basoko suteei aurrea hartzeko”.

Ikusten denez, natura hirira hurbiltzen hasten da herabeki eta, toki batzuetan, atea parez pare zabaltzen zaio.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.