“Pertsona bakar bat ere ez da ibai berean sartzen bitan, ez baita ibai bera izango eta bera ez baita pertsona bera izango”. Heraklito Efesokoa.
Eskolatik irakatsi digute ura funtsezkoa dela gure bizitzarako. Badakigu giza gorputzean, gutxi gorabehera, %60 ura dela, eta %70, zehazki organoren bat hartzen badugu kontuan, hala nola garuna. Badakigu gure planetaren %70 ura dela, baina ur horretatik oso-oso gutxi dela geza eta gizakiok kontsumitzeko erabilgarri dagoela.
Hori guztia, oro har, argi eta garbi dugu, baina urak esanahi desberdinak ditu pertsona bakoitzarentzat, bere jatorria, adina eta abar zein den aintzat hartuta.
Adibidez, ibai batetik gertu bizi diren pertsonek loturak izaten dituzte berarekin, haren ertzetan edo uretan bizi dituzten esperientzien bidez: baratzeak ureztatzea, arrantzan aritzea, bainua hartzea, kirola egitea ertzetatik gertu dauden ibai-pasealekuetan edo, besterik gabe, lasai egon eta erlaxatzea.
Denboran atzera eginez, bizipen horiek historia bihurtzen dira: ibaira botatzen ziren harri-koxkor haiek, txipi-txapa luzeena nork egiten zuen ikusteko; harrizko igerilekuak ertzetan, apaburuak biltzeko; putzu sakonenak, zuhaitz baten adarretatik salto eginda bertan murgiltzeko gogokoenak izaten zirelako…
San Andres Errotan (Atarrabia, Nafarroa) dagoen “Anaia ibaia” erakusketaren zati batean, Arga eta Ultzama ibaien ertzetan bizi ziren eta diren eta jada desagertu diren ohiturak deskribatzen dituzten gizon-emakumeen testigantzak jasotzen dira.
Sagrario Murillok, Arrekoak, azaltzen du, adibidez, Ultzama ibaiaren ertzean Ceciliaren harria esaten zioten harri bat zegoela, Cecilia izeneko garbitzaileak arropa garbitzeko erabiltzen zuena baitzen. Sagrariok, gainera, gogoan du berak ere anai-arreba txikien pixoihalak garbitzen zituela ibaian, kontu handiz, eta eguzkitan uzten zituela lehortzen ertzeko harrietan.
Ibai horietako beste biztanle batzuek, berriz, esaten digute arrantza ugaria izaten zela garai batean: barboak, karramarroak… Izan ere, zenbait familia arrantza horri esker bizi ziren. Eta, jakina, ezkutuko arrantzaleen abenturak ere jasotzen dira, agintariengandik ihesean nola ibiltzen ziren.
Angel eta Mari Carmenen familia zen San Andres Errotan bizi zena, informazio-zentro bihurtu aurretik. Bi anai-arrebek haurtzaroko oroitzapen politak oparitu dizkigute. Garai zoriontsuak izan ziren, ibai ondoan jolasten zirelako, baina baita familia estu eta larri ibiltzekoak ere urak handitzen zirenean eta bere bidetik ateratzen zirenean. “Nik 3 urte izango nituen –kontatzen du Angelek–. Garai hartan sarrera oso desberdin zegoen gaur ikusten dugunetik. Uholde ikaragarria izan zen, eta gobernadore zibila suhiltzaileekin batera etorri zen, gu etxetik aterarazteko asmoz. Txalupa bat eta soka bat erabilita, suhiltzaileek gobernadorea errotara gerturatu nahi izan zuten, baina ez zuten lortu. Hemen aurrean barrakoi bat zegoen, eta, egoera hori izanik, suhiltzaileek kamioi bat jarri zuten han bere eskailerarekin. Errepidea eta barrakoia batzen zituen, eta handik ateratzera behartu gintuzten. Goizaldeko ordu biak izango ziren”.
Arga ibaian gora joanez Zubiri herrira iristen gara, Donejakue bideko etapa. Han Amorruaren zubia dago, eta Alberto Santestebanek izen horren jatorria kontatzen digu: “Aspaldian, jendea oso fededuna zen. Nik ezagutu du Ardaiztik eta beste toki batzuetatik animalia batzuk ekartzea, nagusiki ahuntzak eta ardiak, baina baita behorren bat eta behiren bat ere. Uretan sartzen zituzten eta erdiko zutabearen inguruan hiru itzuli emanarazten zieten. Esaten zuten, hala eginda, txakurrak kosk egin behar bazien, txakurrak atzerantz erortzen zirela eta ez zietela kosk egiten. Hartara, ez zuten amorrurik edo errabiarik hartzen”.
Horiek dira beti Arga eta Ultzama ibaietatik gertu bizi izan diren pertsona batzuen testigantzak, besteak beste, Atarrabian, Arren, Eugin, Zubirin eta Iraizotzen. Nahiz eta ibaien erabilera horiek atzean gelditu diren, herri horietako biztanleek ura erabiltzen jarraitzen dute ureztatzeko, arrantzatzeko eta udan freskatzeko. Horrenbestez, ibaiak eta bertako urek haien bizitzetan garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, eta haiek zaintzea funtsezko zerbait bihurtu da.
Hori dela-eta, hiriko paseatzaile eta oinezkoak gure ibai-parkean ibiltzen garenean paseoan, ingurunearen eta hura zaintzearen garrantziaz jabetu behar dugu.
2021.eko Uraren Nazioarteko Eguna zela eta post serie bat sortu genuen “Ura zer da zuretzat?” lelopean (#water2me). Hauek izan ziren post honekin batera kaleratutako beste post batzuk (klikatu haien gainean):
- 1.- Kutsadura akustikoa ozeanoetan
- 2.–Banku-txartelak, ozeanoetako hondakinetatik abiatuta
- 3.- Amatxo, egarriak nago
- 4.- Itsasoaren eta lehorraren artean
- 5.- Nola ereiten dira hodeiak?
- 6.- Edaten dugun ura energia iturria bihurtuta
- 7.- Nortasun juridikoa ibairako
- 8.- Ura funtsezkoa denean norberaren lanerako
Utzi erantzuna