Posted

Intxausti Berdea, herritarren eta ibaiaren arteko elkargunea

Auzokoen erkidego batean beti egoten da bat ez datorren ahots bat. Zenbaitetan, gogaikarritzat hartzen da, baina, beste batzuetan, bere aldarrikapenak ongi entzuten direnean, arreta merezi izatea lortzen du. Horixe gertatu da Burlatan Arga ibaiarekin, gero eta maiztasun handiagoarekin hiriguneari kalteak ekartzen dizkioten uraldiak eragiten dituen ibai horrekin. Hala, Burlatako Udalak sustatu duen ekimen bat da Intxausti Berdea, hain zuzen ere, gogaikarria izateko bere arrazoiak dituen auzoko honen aldarrikapenak ongi uler daitezen.

- - - - - - - - - - - - - - - - -

Burlata udalerrian (Iruñerria), ibaia ez da auzoko hutsa, baizik eta auzoko indartsua eta eragin handikoa, bere tokia exijitzen duena. Izan ere, klima-aldaketa eragiten ari da hirigunea ukitzen eta kaltetzen duten uraldiak gero eta maizkoagoak eta gogorragoak izatea.

Arrazoi horregatik herriko Udalak, Biodibertsitatea Fundazioaren, Krean enpresaren zuzendaritzaren eta Construcciones Mariezcurrena enpresak gauzatzearen bidez, obra batzuk egin ditu, Arga ibaiaren ertzean zegoen goragunea atzeratzeko edo herrirantz sartzeko.

Hartara, helburu nagusia izan da ibaiari tokia itzultzea, uholde-lautada esaten zaiona, ibaiak behar duenean toki hori urez betetzeko aukera izan dezan, energia disipatuz, abiadura murriztuz eta, hala, uraldiengatiko ondorioak eta kalteak txikiagotuz.

Baina ez da horrekin bakarrik konformatu, baizik eta bertako herritarren aditze onaren alde lan egin nahi izan du. Hori dela-eta, herritarren eta zenbaitetan bizikidetza zailtzen duen ibai horren arteko topaketa-guneak sortu ditu.

Hala, ibaiaren ertzean kokatutako Intxaustia parkean egindako lanak amaitzearekin batera, Udalak hainbat jardunaldi antolatu ditu, jarduera desberdinekin, herriko naturaz gozatzeko eta hura hobeki ezagutzeko.

“Intxausti Berdea” izenburupean, hasteko, mahai-inguru bat egin zuten kultura-etxean, eta bertan, Flavia Navarretek eta Amanda Verronek azaldu zuten nola erlazionatzen diren antirrazismoa, ekologismoa eta feminismoa.

Eta gero, proposamenak Intxaustian bi paseo egiteko gonbita egin zuen, Intxaustia 2025 jarduketaren eremuaren ingurunean, ingurune hori ikuspuntu desberdinetatik aztertuz, flora, fauna eta ibai-parkearen kudeaketa aintzat harturik.

Paseo horietako aurrenekoan, Karmentxu Iñarreak (IM Iruñerriko Mankomunitateko teknikaria) eta José Luis Remónek (biologoa) ibai-parkeko florari eta lorezaintza iraunkorrari buruz hitz egin zuten.

Gaia testuinguruan jartzearen arduraduna izan zen Karmentxu, Iruñerriko Ibai Parkearen esparrua aurkeztuz. Egun 45 kilometroko ibilbidea du parkeak, eta bai handitzen joateko itxura ere. Bertan, bat egiten dute bai hiri-eremuak eta bai landa-eremuak ere, eta bere kudeaketa lorezaintza iraunkorreko jarduketetan oinarritzen da.

José Luis, bere aldetik, Intxaustia 2025 proiektuko ingurumen-lehengoratzeko eranskina idatzi duen pertsona da (Krean), eta, Karmentxuren eta beste teknikari baten laguntzarekin, proiektuan aurreikusita dauden lehengoratze-jarduerak zuzentzen, haien jarraipena egiten eta berriz planteatzen ari da.

Urteetan zehar Intxaustiaren inguruneko paisaiak izan duen bilakaera azaldu zuen José Luisek, ortoargazki historikoak erakutsiz. Ortoargazki horiek dauden beharrak interpretatzea errazten dute, eta bai ibaiaren dinamika bera ere. Gogoan izan dezagun ortoargazkilaritza toki baten irudikapen fotografikoa dela, airetiko irudien multzo baten bidez lortzen dena (hegazkin edo drone batetik egindakoak), zeinak zuzendu egin diren perspektiba-efekturik gabeko proiekzio ortogonal bat irudikatzeko. Haietan, horrenbestez, neurketa zehatzak egin daitezke, airetiko argazki sinple batean ez bezala, zeinak beti aurkeztuko dituen kameraren perspektibak, altuerak edo kamera mugitzen den abiadurak eragindako deformazioak.

José Luisek, gainera, ibai-lehengoratze honen xedea zein izan den azaldu zuen. Ibai-ekosistemako ohiko espezieak erabili direla zehaztu zuen, Arga ibaiaren ibaiertzaren birnaturalizazioa lortzeko. “Birnaturalizazio horrek hobekuntza asko daramatza inplizitu ibaiertzeko floran eta faunan, baina baita, oro har, herritarrengan ere”, ziurtatu zuen.

Bigarren paseoan, Xabier Esparza Aranzadi Zientzia Elkarteko biologoak Arga ibaiko fauna, eta, zehazkiago, hegaztiak, sakonago ezagutzeko aukera eskaini zuen.

Horrez gain, martxoaren 14an, larunbata, IMrekin lankidetzan, Arga ibaiaren ertza garbitzeko auzolana egin zen, Burlatako zatian, eta bertan 42 boluntariok parte hartu zuten eta 440 kilogramo zabor bildu zituzten.

Martxoaren 18an, asteazkena, Intxaustia 2025 proiektuko obrak aurkeztu edo inauguratu zituzten. Eta Karmentxuk hitza hartu zuen berriro, eta parkeak dituen 25 urteak izan zituen aipagai, ibilbidearen 60 kilometroak (eskualdeko parkeak dituen 45 kilometroei Iruñeko Udalak kudeatzen duen ibilbidea gehituz gero), eremu horrek gizartean duen arrakasta eta bai parkea igarotzen den udalerrietako udalekin egiten den etengabeko elkarlana ere. Hitzaldia amaitzeko, iragarri zuen Noain eta Zabalegi artean parkeari beste 5 kilometro gehitzea izapidetzen ari direla egun.

Eta jardunaldiei herritarrek eurek eman zieten amaiera bikaina, Intxaustia parkeko zenbait zuhaitz landatuz, pitin bat hobeki ezagutzen zuten eta ulertzen hasten ziren ibai horren ondoan. Jada ez zen auzoko gogaikarri bat, baizik eta, besterik gabe, berea zena aldarrikatzen zuen auzoko bat.

Ibaien inguruan egindako beste jarduera batzuk ezagutu nahi badituzu:

Urumea, ur-meheen ibaia

Ibaia eta ingurukoa artearen bitartez nola bizi

Ibaiko aniztasunaren eta naturan dagoen oreka mantentzea premiazkoa da

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.