Posted

Jaume Clotet, erleak maite zituen erlezaina

Egungo araudiak erlezaintzako ustiategi profesionaltzat hartzen du gutxienez 150 kutxa dituena. Baina Jaume Clotetek ez zuen inoiz kantitatea lehenetsi nahi izan, baizik eta produktuaren kalitatea eta erleen ongizatea. Horregatik egin zen hiri-erlezain, modu iraunkorrago eta errespetuzkoago batean lan egin ahal izateko erleekin eta haietaz bizitzeko, erleek hiri baten bizitzari ekartzen dizkioten onurak eta duten garrantzia gizarteari transmititzen dizkion aldi berean.

- - - - - - - - - - -

Jaume Clotetek beti pentsatu izan zuen erlezaintza edo erleak hazteko artea oso jarduera atsegingarria izan zitekeela. Horregatik, lanbidea aukeratzeko unea heldu zitzaionean, erlezainaren ogibideari ekin zion. “Ezti-erleek nolabaiteko jakin-mina eta erromantizismoa piztu izan zuten niregan –oroitzen du–, baina kasualitatea izan zen erleak hazteko artean edo erlezaintzan hasi izana. Hogeita gutxi urte nituenean, adineko pertsona bat, Fermí, ezagutzeko zortea eduki nuen. Berak lehenago erlauntzak eduki zituen, eta niri erakusteko prest zegoen.  “Zuk jarri kemena eta gogoa, eta nik tokia eta ezagutzak jarriko ditut”, esan zidan. Eta halaxe hasi ginen. Hiru adiskideren artean 4 layens erlauntz erosi genituen, eta, Fermík irakasten zizkigun erabilera-teknikak praktikatzen, gure irakurketez eta ikastaroez gain, ikasten joan ginen”.

Baina ez zuen aurkitu bila zebilena, berehala egiaztatu baitzuen erlezaintzak, zaletasun moduan ulertuta, ez zuela batere zerikusirik lanbide-jarduera moduan garatutako erlezaintzarekin. Izan ere, bidean aurkitu zituen ustiategi estentsiboek bere buruari gauza asko planteatzea ekarri zioten.

Egungo araudiak erlezaintzako ustiategi profesionaltzat hartzen du gutxienez 150 kutxa dituena, eta ustiategi profesional gehienek 300 eta 500 kutxa artean izaten dituzte eta kasu batzuetan, gainera, milatik gora.

Beraz, horrek ez zion erantzuten Jaumeren filosofiari, erlea errespetu eta zaintza guztia merezi zuen intsektu polinizatzailea zela ulertzen baitzuen. Hori zela-eta, bere enpresa sortu zuen, Mel-Lis, eta filosofia hori bera partekatzen du berarekin: ez lehenestea kantitatea, produktuaren kalitatea eta erleen ongizatea baizik.

Geroztik, enpresak tailerrak egiten ditu eskola eta beste ikastetxe batzuetarako, erleen eta erlezaintzaren arloari buruz: erleak eta liztorrak bereiztea; animalia erasokorrak eta arriskutsuak direla dioen sinesmena desmitifikatzea; haien eginkizun polinizatzailea azaltzea; erlezainaren zeregin, tresna eta material nagusiak erakustea; eta erleetatik zer produktu lortzen ditugun ezagutaraztea (eztia, polena, jelea, propolia, argizaria, pozoia). Azken batean, erleen mundua gerturatzea ikasleei. “Motibazio nagusia eta erronka da erleen bizimodua, antolaketa, jokaera, komunikazioa eta garrantzia hurbiltzea eta ezagutaraztea gizarteko kide gehienei”, adierazten du.

Enpresak, gainera, herritar ororentzako jarduerak zabaldu ditu, eta ikastaroak ere ematen ditu etorkizunean erlezain izango direnentzat. Azoketan eta ingurumen-arloko ekitaldietan parte hartu eta laguntzen du, sentsibilizazioa lortu nahian.

Baina, beharbada, enpresa honek gauzatzen dituen jarduera guztietan deigarriena hiri-erlezaintzakoa da. “Hiri-erlezaintza beste herrialde batzuetan ezagutzearen eta erlezaintzako ustiategi tradizionalei eredu alternatibo bat bilatzearen ideiaren baturaren emaitza moduan jaio zen. Modu iraunkorrago eta errespetuzkoago batean lan egin ahal izatea erleekin eta haietaz bizitzea. Gure ustez, eredu hori posible da, gizarteak aitortzen baditu erleek ekartzen dizkiguten onurak eta duten garrantzia, eta erlezainak “erleak hazteko artearengatik” baloratzen badira, ez eztien eta erlauntzeko beste produktu batzuen ekoizle moduan bakarrik”.

Eta pixkanaka Jaume erlezaintza-mota honetako erreferente bihurtu zen. “Gure herrialdeko hiri-erlezaintzako sustatzaile nagusietako bat izatea eta negozio-eredu berritzaileagoa, iraunkorragoa eta erleekiko errespetuzkoagoa garatzen jarraitzea da nire motibazio nagusia, hiri-erlezaintzan aritzen eta lan egiten jarraitzeko”.

 

2014an, Kataluniako udal nagusietara joaten hasi zen eta ingurumeneko teknikariekin eta arduradunekin biltzen, hiri-erlezaintza zer zen eta herritarrentzat eta erleentzat ekar zitzakeen onura desberdinak azaltzeko. Bilera horietako bat Irma eta Josep Ramonekin egin zuen, Viladecansen, eta bi horiei izugarri interesatu zitzaien ideia. “Denbora gutxian, bi erlategi kokatu genituen hiri-periferiako tokietan, mintzaldi batzuk egin genituen eta dibulgazio-tailerrak ezti-erleei buruz. 2016an, Kataluniako lehen hiri-erlategia jarri eta legeztatu ahal izan genuen: Viladecanseko ATRIUM aretoaren estalkian kokatutako lau erlauntz, justu Viladecans hiriaren erdigunean”.

Eta horiek ez dira kudeatzen dituen bakarrak, 2015az geroztik, gainera, “Castell dels Tres Dragons” eraikinaren terrazetako batean duden hiri-erlauntzez ere arduratzen baita, Bartzelonako Ciutadella parkean, 1945az geroztik dagoen erlategi bat eta Europako zaharrenetako bat.

Horrez gain, aurten APITECA izeneko proiektuari heldu dio. Hain zuzen ere, lau hiri-erlauntz kokatu dituzte Jordi Rubió i Balaguer liburutegiaren barneko patioetako batean, Sant Boi de Llobregat hirian.

Erleei buruzko post gehiago:

Erleak, udal-zerbitzuen langileak

Despopulatzea ekiditen duten erleak

Erleentzako txertoa

Areatzeko resorteko “Do not disturb” kartela

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.