Posted

Java, munduko uharterik jendeztatuena, hondoratzen ari da

Java, munduko uharterik jendeztatuena, bere gainazala itsaspean gelditzen ari dela ikusten ari da. Berotze globalaren ondorioz itsas maila goratzea hondoratze horren arrazoietako bat da. Eta gizakion jarduna beste arrazoi bat da.

- - - - - - - - - - - - -

Aurreko argitalpen batean (hemen irakurri), Nauru uharteaz eta haren historiaz hitz egin genuen. Beltz-kutsua duen historia da, baliabideak kontrolik gabe ustiatu izanagatik, eta hondamendira eta ia desagertzera heldu zen. Diru-sarreren iturria ahitu zenean eta lurraldearen %90 meatzaritzak suntsituta gelditu zenean, klima-aldaketaren ondorioak agertu ziren, eta modu anker eta zorrotz batean agertu ere: itsas maila goratzeak eta muturreko klima-gertaeren segidak uhartea desagertzear egotera eraman zuten.

Gaur, berriz, Java izango dugu hizketagai, munduko uharterik jendetsuena, bere gainazala itsaspean gelditzen ari den uhartea. Berotze globala itsas maila goratzen ari da mundu osoan urtean 3,5 milimetroko erritmo batean, baina uharte honen iparraldean urtean 10 zentimetro ere ari dira hondoratzen. Erdialdeko Javak ia 8.000 hektarea lurzoru galdu ditu, eta Jakartak, Javako hiriburu eta Indonesiako hiri jendeztatuenak, bere lurraldearen ia %40 itsas mailatik behera du jada.

Berotze globalaren ondorioz itsas maila goratzea hondoratze horren arrazoietako bat da. Eta gizakion jarduna beste arrazoi bat da.

Hainbat milurtekotan, Javaren iparraldeko barne-ibaiek jalkin mordoa utzi izan dute, urteroko uholdeetan gainezka egiten zutenean. Jalkin horiek uniformeki banatzen ziren ordokian.

Baina uholde horiek arazo larria izaten ziren XIX. mendeko hirietarako, eta, hartara, ubideen, dikeen eta ezponden bidez kontrolatu ziren. Horiek guztiek eraginkortasun handiz bete zuten beren zeregina eta ondorioz uholdeak amaitu ziren, baina baita jalkinak ordokian sakabanatzea ere.

Beste alde batetik, lurpeko ura erauztea dugu. Gobernuak denbora darama lurpeko ura ateratzea sustatzen, edateko uraren eta saneamendukoaren eskaerari erantzuteko modurik merkeena dela ulertuta. Lurpeko ura garbia da eta, beraz, ez du araztegirik behar, eta presa edo urtegirik ere ez dute behar biltzeko. Hortaz, diru-kutxa publikoek azpiegitura horietan inbertsioak egin behar izatea saihesten dute.

Horrenbestez, gobernuak akuiferoak ustiatzen ditu. Baina ez gobernuak bakarrik. Uharteko herritarrek ere putzu partikularrak egiten dituzte, urez merke hornitu ahal izateko. Ondorioz, lurpea husten joatea lurra hondoratzea bizkortzea eragiten ari da.

Zenbait gobernuz kanpoko erakundek gobernua estutu dute arazo honetan esku hartzeko eta ur horien erreserbak neurririk gabe ustiatzea kontrolatzeko neurrian plan bat garatzeko, itsasertzean higadura saihestu edo geldiarazteaz gain. Eta proposamen horiek aintzat hartu dituzte, mangladien 300 hektarea baino gehiago basotu baitituzte eta 2023rako 1.000 hektareatara iristeko helburua baitute.

Gainera, gobernuz kanpoko erakunde horiek berak arrantzaleekin lanean ari dira. Banbuzko hesiak altxatu dituzte kostaldeko zenbait tokitan, olatu-horma iragazkor moduan jokatzeko eta olatuekin heltzen diren jalkinak harrapatuta gelditzeko. Hartara, aurreikusten dute jalkin horiek metatu egingo direla eta mangladiak errotzea erraztuko dutela. Neurri merkea eta eraginkorra da, baina, era berean, behin-behinekoa, hesiak erraz erortzen baitira itsasoko olatuen oldarren ondorioz eta mantentze-lanak etengabe egin behar izatea eskatzen baitute.

Hori dela-eta, formula gehiagoren bila dabiltza. 2012an, adibidez, uharteko beste leku batean, malekoi edo dike bat eraiki zuten hormigoizko zilindroekin, eta jalkin nahikoa pilatu zuen mangleak hazteko.

Hori ere neurri eraginkorra izan zen, baina, aldi berean, garestiegia.

Garai batean, Herbehereetan eraikitako itsasertzeko dikeak aztertzen aritu ziren, baina laster ohartu ziren ponpaketa-estazio ikaragarriak beharko zituztela, eta bai mantentze-lan mugagabeak ere, eta, hortaz, baztertu egin zituzten, gobernuak ez baitzuen haiek ordaintzeko gaitasunik.

Eta unetik unera desagertzen den leku bati bizigarri edo bizitzeko moduan eusteko arazo larriari irtenbide egingarri bat bilatzen dioten bitartean, herritarrak ahal duten moduan egokitzen dira. Badira beren etxea utzi eta barrualderantz mugitzen direnak, uretatik eta beren bizimodu tradizionaletik ihesian. Aukera hori ez dutenek, aldiz, hautatzen dute beren ondasunak nolabaiteko garaieran jartzea eta beren etxebizitzetako zorua goratzea, jakinda barnealdeko toki bizigarria murriztu egingo dela eta makurtuta ibiltzera behartuta egongo direla.

Arroz-soro asko alferrik galduta daude. Arrain-haztegiak, urez beteta eta erabili gabe. Salgaien garraioa, geldiarazita, uharteko errepiderik garrantzitsuenetako bat etengabe egoten delako urak hartuta…

Eta horrela, gehitu eta jarraitu Javaren bizimoduan, mundu osoko hamahirugarren uharte handienean. Uharte horretan aurkitu zen garai batean gizakiaren aurretikoetako bat, homo erectus esaten zaiona, eta, beharbada, bertan ariko da itxura hartzen bere etorkizuna.

*Iturriak

https://nationalgeographic.exposure.co/hundirse-por-momentos

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.