Posted

Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna

Urriaren 24an “Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren” oroitzapena egiten da. Edonola ere, urteurren hori urteko 365 egunetan gogorarazi behako litzateke, planetan giza espeziearen bizia arriskuan egotea ez badugu nahi, erantzun arinak eta azkarrak eskatzen dituen larrialdi bat baitakar berekin klima-aldaketak.

- - - - - - - - -

Urriaren 24an “Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren” oroitzapena egiten da, herritarrei, politikarien komunitateari eta abarri kontzientzia harrarazteko klima-aldaketak dituen eragin kaltegarri eta suntsitzaileen gainean. Izan ere, eragin kaltegarri eta suntsitzaile horiek ez dira planetarako, ingurumen-krisi honetan iraungo baitu, baizik eta giza espezierako, bera baita benetan arriskuan dagoena.

Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak ez du ofizialki onartu urteurren hau, nazioarteko beste egun batzuk ez bezala, adibidez, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, baina babesten du.

Hartara, gai hau NBEren agendan dagoen gai garrantzitsuetako bat da, eta are gehiago IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak 2021eko txostenean, “Klima-aldaketa 2021: oinarri fisikoak” izenburukoan, adierazi zuenetik berotze globala azkar areagotzen ari dela eta berehala eta modu nabarmenean murriztu behar direla gasen isurpenak berotegi-efektua arintzeko.

Lege-esparruaren barnean, nazioarteko komunitatea klima-aldaketa geldiarazteko oinarri batzuk jartzen saiatu da hainbat neurriren bidez, hala nola:

Klima Aldaketari buruzko NBEren Esparru Konbentzioa. Helburu nagusia da ekintzak sortzea, klima-sisteman gizakion esku-hartzea mugatzeko.

Kyotoko Protokoloa. Klima-aldaketaren aurrean mundu osoaren erantzuna indartu nahi du, gasen isurpenak gutxitzeko helburuak betetzearen bidez.

Parisko Akordioa. Bere xedea da klima-aldaketaren mehatxuaren aurrean mundu osoaren erantzuna sendotzea, industriaurreko mailen aldean, munduko tenperatura berotzea 2 gradutik behera mantentzearen bidez. Era berean, ahaleginak batuko dira tenperatura berotzea 1,5 gradura mugatzeko.

Hala eta guztiz ere, gizakion ekintzen ondorioz, klima-aldaketa bizkortzen ari da. IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak egiten dituen txostenek berresten dute baieztapen hori, klima-aldaketaren gaineko ezagutza zientifikoen, teknikoen eta sozioekonomikoen egoeraren gaineko ebaluazio integralak egiten baititu (Ebaluazioaren Seigarren Txostena eman du argitara jada).

Hori dela-eta, 2019an, klima-aldaketari buruzko goi bilerak pauso bat aurrera egin nahi izan zuen arazoari helduta, eta nazioarteko komunitatea sei arlo hauetan jardutera bultzatu zuen:

  1. Energia-trantsizioa: energia sortzeko iturriak aldatu behar dira mundu osoan, garbiagoak eta berriztagarriak direnak erabiltzeko.
  2. Naturan oinarritutako irtenbideak: hobe da natura-baliabide bat erabiltzea, erabat inorganikoa den produktu bat sortzea baino, agente kutsatzailea izaten amaituko baitu.
  3. Industria-trantsizioa: prozesuen forma aldatzea, ingurumenean ondorio gutxiago izateko.
  4. Tokian-tokian eta udalerrietan jardutea: herri bakoitzaren karbono-aztarna gutxitzen edo ezabatzen lagunduko duten proiektuen plangintza egitea.
  5. Erresilientzia: aldaketara egokitzeko eta denboran zehar mantentzeko gaitasuna izatea.
  6. Klima-finantzaketa eta karbonoaren prezioa finkatzea: klima-aldaketa gutxitzen laguntzen duten proiektuak babestera behartuta daude herrialdeak, baina, era berean, karbono dioxidoa sortzen dutenei isunak jartzea proposatu beharko dute.

Eta aurten, Nazio Batuen Erakundeak klima-aldaketari buruz egingo duen hurrengo biltzarrean (COP28) –Dubain egingo da, Arabiar Emirerri Batuetan, 2023ko azaroaren 30a eta abenduaren 12a artean–, gazteek parte hartzea erraztu nahi da, gazte horiek gero eta hobeki prestatuta baitaude eta gero eta erantzun irmo eta biribilagoak eskatzen baitituzte.

Pertsona heldu askok babestutako taldea da, gainera, litekeena baita gazte bakoitzaren atzean gurasoak, aitona-amonak eta abar egotea. Horrenbestez, gazteriari ahotsa eta protagonismoa emateak haien mezuaren inpaktua esponentzialki biderkatzea dakar.

Bestalde, COP28 biltzarrean, Parisko Akordioaren lehen balantze globala amaituko da. Prozesu horren ondorioa giltzarria izango da klima-aldaketarako agenda multilateralerako.

Klima aldaketari buruzko post interesgarritzat jotzen badituzu, irakurri hemen

*Iturriak

https://www.diainternacionalde.com/ficha/dia-internacional-contra-cambio-climatico.

https://generacioncop28.es/

https://www.dsn.gob.es/es/actualidad/sala-prensa/d%C3%ADa-internacional-contra-cambio-clim%C3%A1tico-24-octubre-2022

https://elpais.com/elpais/2019/09/16/eps/1568642428_048593.html

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.