Posted

Liburuak kontserba-edukiontzi batean

Nafarroako Emausko Trapuketarien bigarren eskuko 2.500 liburuk kontserba-edukiontzi batean bidaiatu dute Ekuadorko Manabí probintziaraino. Hain zuzen ere, helburua da inguru horretan zabalduko dituzten 21 liburutegietako apalategietan jartzea. Hori lehen bidalketa izan da, baina bigarrena ere prestatzen ari dira.

- - - - - - - -

Uztailaren 5ean, 2.500 liburu lehorreratuko dira Ekuadorren, kontserba-edukiontzi batean. Helmuga Ekuadorko Manabí probintzia izango da, eta helburua, inguru horretako parrokia desberdinetan irekiko dituzten 21 liburutegietako apalategiak betetzen hastea.

Ekimena Nafarroako Emausko Trapuketarien ideia izan zen. “Iñaki Rey boluntario bat da, Trapuketariekin elkarlanean aritu izan dena estuki –adierazi du Fernando Armendárizek, erakunde horretako liburuen ataleko arduradunak–, eta berak harreman handia du Cojimíes izeneko tokiarekin. Manabíren iparraldean dagoen itsasertzeko herri bat da. Berari bururatu zitzaion inguru horretako parrokietako bakoitzean liburutegi bat antolatzea, irakurtzeko ohitura bultzatzeko, eta bai herritarrak elkartzea eta adin guztietan literatura eskura izatea bultzatzeko ere”.

Ideia oso ona zen, baina zailtasun bat zuen: liburuek hara iritsi behar zuten dirurik kostatu gabe, ez bidaltzen zituenari ez eta jaso behar zituenari ere.

Hartara, Isabel kontserba-enpresak Ekuadorren duen filialari esker zailtasun hori gainditu ahal izan zuten. “Gure asmoaren berri izan bezain laster, laguntzeko asmoa agertu zuten. Enpresak edukiontzi bat bidali behar zuen Ekuadorrera, baina ez zuen lortzen betetzea eta, beraz, libre zegoen tokia eskaini zigun. Hortaz, enpresa horri esker, Bermeon, 4 palet ontziratu genituen, liburuz betetako 101 kutxarekin. Gutxi gorabehera 1.300 kilogramo”.

Hori lehen bidalketa izan zen, eta Fernando bigarrena prestatzen ari da jada. “Izan ere, hogei liburutegitarako materiala eraman behar da!”.

Liburuak hautatzeko zenbait irizpide izan dituzte kontuan. Dela liburua ongi egotea, “azokan salduko genukeen horietako bat izatea, hau da, baztertuko ez genukeena”, dela ikuspegi eurozentrista ez edukitzea, “historiako liburuei, adibidez, begiratu bat ematen diegu, begiratu zentsorea”.

Horrez gain, kontuan hartzen dute liburuaren hartzailea den azken publikoa, haren ingurunea, errealitatea eta bizimodua. “Kontuan hartzen badugu landa-arloko herrietarako liburuak direla, errazago aukeratuko genituzke Jules Verneren abenturak Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina baino, adibidez”, zehaztu du.

Eta gaiei dagokienez, askotarikoak dira: artea, erlijioa, hezkuntza, pedagogia, natura. “Bidaltzen duguna hezkuntzako baliabide edo dibulgazioko baliabide bihurtu ahal izatea nahi dugu. Hala ere, zerbait zehatza eskatzen badigute, gure esku dagoen guztia egingo dugu bidaltzeko”.

Eta ziur asko ez zaie materialik faltako. Nafarroako Emausko Trapuketariek bigarren eskuko liburuen 500 kilogramo inguru jasotzen dituzte egunean. Ongi daudenak salgai jartzen dituzte Iruñerrian dauzkaten bost azoketan edo Lizarran eta Tuteran dauzkatenetan. Saldu ezin direnak, aldiz, iragazi batetik pasatzen dira. “Hondatuta badaude, zuzenean birziklatzera bideratzen ditugu, zaharrak ez badira behintzat. Kasu horretan, beren balio historikoa ebaluatzen dugu, eta, baliorik badute, zaharberritu eta kontserbatu egiten ditugu”.

Horrenbestez, badirudi Manabíko liburutegiek liburuak jasotzen jarraituko dutela. Baina, noiz arte? “Nahikoa dela esan arte edo guk bidaltzeko aukerarik eduki ez arte. Erabakian eragina izan dezaketen zenbait faktore eduki behar dira aintzat. Lehenbizikoa, ezin digula inolako gasturik ekarri. Eta bigarrena, ez dugu ahaztu behar askoz hobea dela tokiko eta hurbileko kontsumoa. Beraz, han liburuak erosteko aurrekontu-sailak lortzen badituzte, onena eta zentzuzkoena da han erostea”.

Baina badirudi oraindik ez dela une hori iritsi, hori esaten duen bitartean Fernandok hurrengo kontserba-edukiontzian bidaliko dituen liburuak pilatzen jarraitzen baitu. “Argi dago lagundu dezakegun bitartean lagundu egingo dugula”, amaitu du.

Hau ez da liburuen bigarren bizitzari buruz hitz egiten dugun lehendabiziko aldia (irakurri hemen), ezta Nafarroako Emausko Trapuketei buruz ere (irakurri hemen).

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.