Posted

Mancorutas: bisita gidatua Ibai Parkean, klik baten bidez

Iruñerriko Mankomunitateak Mancorutas web aplikazioa jarri du abian, hiru ibilbide proposatzen dituen tresna: bi ibilbide, Arga ibaia eta Ultzama ibaia, helduentzat bideratutakoak; eta Birus Ibaian Gora, ibilbide gamifikatua, familia osoarentzat pentsatua. Helburua da Iruñerriko Ibai Parkean egiten den paseoaz gozatzea eta, aldi berean, ondare historikoari, florari eta faunari buruzko informazioa jasotzea.

- - - - - - - - - - -

Imajinatzen al duzu paseo natural batean ibiltzea eta, aldi berean, inguruan duzun guztia ezagutzea, bitxikeriak xuxurlatuko lizkizukeen, istorio zaharrak kontatuko lizkizukeen edo inguruan dagoen flora eta fauna ikusteko begiak zabalduko lizkizukeen poltsikoko gida bat eramango bazenu bezala? Hori da, hain zuzen ere, Iruñerriko ibai-pasealekuari buruzko Mancorutas web aplikazio berriak proposatzen duena: oinez ibiltzen zaren bitartean ingurunearekin konektatzeko modu berritzaile bat.

Aplikaziorik deskargatu behar izan gabe, “hori egitea gero eta gehiago kostatzen zaigula jakitun gara, gure telefonoa erabiltzen ez ditugun aplikazioez betetzeko beldurrarengatik”, eta aurretiko erregistrorik egin behar izan gabe, “ez ditugu inoren datu pertsonalak eskatu behar, tresna honetaz gozatu ahal izateko”, Iruñerriko Mankomunitateak hiru ibilbide proposatzen ditu: bi ibilbide, Arga ibaia eta Ultzama ibaia, helduentzat bideratutakoak; eta Ibaian Gora Birusa, ibilbide gamifikatua, familia osoarentzat pentsatua.

Proiektuaren ardura duten profesionalek azaltzen dutenez, helburua da “paseoez gozatzen duten pertsonek gozatzen jarraitzea. Asmoa ez da begirada eta arreta kentzea natura-ingurunetik, baizik eta beren ezagutza eta informazioa zabaltzea toki jakin batzuetan. Ibai-pasealekua natura, biodibertsitatea eta aisia elkartzen diren toki horietako bat da. Baina askotan, bertan ibiltzen gara han bizi diren espezieez konturatu gabe, toki horren historia edo bere kontserbazioaren garrantzia ezagutu gabe”.

Bideoak, irudiak, testu idatzia eta abar dira paseatzaileek aurkituko dituzten edukietako batzuk. Hartara, paseo arrunt bat esperientzia interaktibo bihurtzen da. Zuhaitzek, hegaztiek, azpiegiturek edo historia duten zokoek balioa hartzen dute publiko guztientzat pentsatutako azalpen ulergarrien bidez.

Birus Ibaian Gora ibilbidean, gainera, eduki-mota hori joko bihurtzen da, errealitate areagotuaren bitartez Arga eta Ultzama ibaien ibai-ingurunea mehatxatzen dituzten hainbat birus harrapatzea proposatzen baita. Arriskuak zikinkeria, lehortea eta abar dira, eta harrapatzen joan behar da toki jakin bakoitzean, bilduma osatu eta, hala, ibai osasuntsua lortu arte.

“Ekimen honen balio handietako bat da naturalki hezteko duen gaitasuna. Kontua ez da ikasgai edo lezio teorikoa ematea, baizik eta ikastea inguruneaz gozatzen den bitartean. Hori dela-eta, tresna hau bereziki aproposa da familientzat, ikastetxeentzat edo jakingura dutenentzat, inguruan dugun ekosistema hobeki ulertzeko aukera ematen baitie. Uste dugu modu honetan naturarekiko harreman kontzienteagoa bultza dezakegula. Hala, ikusten duguna ezagutzen dugunean, errazagoa da baloratzea… eta babestea”.

Orokorki, aplikazioak intereseko informazioa ere hartzen du barne, adibidez, pasealekura sartzeko tokietara iristen diren garraio publikoko lineak, ibai-parkearen mapa osoa, parkea erabiltzeko oinarrizko arauak eta abar.

Halaber, eduki-mota horiek libreki eta aurretik ezarritako ibilbide bati jarraitu behar izan gabe eskuratu nahi dituenak Iruñerriko Ibai Parkeko seinale fisikoei gehitu zaizkien QR kodeen bidez egin ahal izango du.

Proiektu osoaren aurrekontua 19.989 eurokoa izan da (BEZa kanpo), eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko funtsekin finantzatu da –plan hori Europar Batasunak-Next Generation EBk finantzatutakoa da–, Iruñerri Landatarreko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barnean.

Teknologiak naturatik aldentzen gaituela dioen mitoa baztertu eta naturara gerturatzeko aliatua izan daitekeela ulertzeko adibide ona da Mancorutas. Era berean, erakusten digu berrikuntzak lagundu dezakeela ingurumen-dibulgazioan eta naturaguneen erabilera arduratsuan.

Izan ere, askotan, ingurunea zaintzea oso soila den zerbaitek hasten baitu: ulertzeak.

Ibai Parkeari buruz gehiago jakin nahi baduzu:

Iruñerriko Ibai Parkea

Argako ibai parkeak altxor bat du ezkutuan

Biodibertsitate-erakarleak Iruñerrian

Mankomunean zegoen errota

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.