Abenturarekiko eta esplorazioarekiko sentitzen duen pasioa ingurumen-kontserbazioaren eta -dibulgazioaren zerbitzura jartzeko premiak ekarri zuen Nacho Dean, naturalista, esploratzaile profesionala eta dibulgatzailea, munduari itzulia oinez eman eta bost kontinenteak igerian batzean historiako lehenbiziko pertsona izatea.
-
- 2013. eta 2016. urteen artean, lau kontinentetan ibili zen, 31 herrialdetan eta 33.000 kilometro egin zituen oinez, bakarrik eta laguntzarik gabe. Helburua: ingurumena babestea.
Gero, 2018. eta 2019. urteen artean, erronka osatu zuen: bost kontinenteak igerian batu zituen, ozeanoak kontserbatzeko mezu bat helarazteko.
Eta 2022ko irail eta 2023ko ekain artean, lortutako ezagutza guztia erabilita, proiektu berri bati ekin zion: Iberiar penintsularen inguruan nabigatzea belan. Hain zuzen ere, Espainiako itsas kutsadurari eta zaborrei buruzko aurreneko mapa egiteko xedea zuen lehenbiziko zientzia- eta dibulgazio-espedizioa izan zen, arreta berezia jarrita plastikoetan eta mikroplastikoetan.
Ibilaldia hasi eta berehala, deigarriena egin zitzaion itsasertzetan gertatu den biodibertsitate-galera kezkagarria egiaztatzea, eta bai tenperaturak igo direla, kostalde osoan dagoen kutsadura eta zaborren eta plastikoen kantitate handiaren metaketa, eta bai barneko eskualdeetan ere. “Itsasora 8 milioi tona plastiko baino gehiago isurtzen dira urtero. Eta hori minutu bakoitzean zabor-kamioi baten edukia isurtzearen baliokidea da”, azaldu du.
Autonomia-erkidego bakoitzean hiru kokaleku aukeratu zituen: kostaldeko hiri bat, ibai baten bokalea eta hasierako toki bat. “Kutsatuen dagoena eta gutxien kutsatuta egon beharko lukeena barne hartu nahi genuen”. Han laginak bildu zituen, Cadizko Unibertsitatearen laborategian aztertu zirenak, eta, lortutako emaitzekin Espainiako kostaldeetako makrozaborrei buruzko I. txostena egin da. Zehazki, duela gutxi kaleratu dute txosten hori, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Cadizko Unibertsitatearen babesarekin.
“Txosten hori egitetik kanpo, lan honekin beste helburu batzuk geneuzkan, hala nola aurreneko aldiz makrozabor horiek monitorizatzea, zientzia-ikerketan laguntzea, etorkizuneko beste azterlan batzuetarako oinarrizko ildoak ezartzea, herritarrak eta eskola-komunitatea sentsibilizatzea, gobernuetarako presioa sortzea, jada abian zeuden beste ingurumen-egitasmo batzuk babestea eta nazioarteko dibulgazioa egitea, estatuen arteko lankidetzan lagundu ahal izango lukeena”.
Espedizioak bisitatu zituen 10 autonomia-erkidegoetan, 43.000 objektu edo produktu desberdinen tona eta erdi baino gehiago bildu zuen. Eta hondakin horietatik guztietatik % 65 plastikoak ziren: identifikatu ezin ziren plastiko-zatiak, botilen tapoiak eta eraztunak, poliestireno hedatua, sokak eta soka meheak, janari-ontziak, plastikozko botilak, gozokien bilgarriak eta makilak, arrain-kaxak, eta plastikozko poltsak eta zakuak, nagusiki.
Hondakin horiekin batera, zigarro-punten, beiren eta kotoi-zotzen kantitate handia aurkitu zuten.
“Uste dut oraindik ez garela kontziente horrek guztiak berekin dakarren arazoaz. Jada ari dira egiaztatzen mikroplastikoak kate trofikoan daudela. Oraindik ez dakigu, ordea, horrek gure osasunean duen inpaktua, batez ere, mikroplastiko horiek egiteko erabiltzen diren osagai kimikoek.
Itsasoa benetako zabortegi bihurtzen ari gara, eta horrek ikaragarrizko kaltea eragiten digu. Gero ekintzetan islatu eta jasoko den kontzientzia bat sortu ahal izateko ordua da jada”.
Eta mota honetako ekintzek balio dute ekintza-plan bat ekarriko duen kontzientzia hori sortzeko? “Bai –baieztatu du biribilki–, gizartean eta nazioartean milioika pertsonaren inpaktua lortzen ari gara gure espedizioen, liburuen, mintzaldien, elkarrizketen eta abarren bidez. Gainera, babesleekin eta iraunkortasunarekiko eta ozeanoaren zainketarekiko konpromisoa hartua duten enpresekin lerrokatzen gara, haietako langileekin jarduerak eta kanpainak egiteko. Lortu nahi duguna da, gainera, gure ikerketaren emaitza legeria eta Natur Parkeen eta Itsas Eremu Babestuen Deklarazioa bihurtzea”.
Oso asmo handiko helburuak dira, baina beharrezkoak, xedea baldin bada ingurumena kontserbatu eta zaintzearen mezua gizartean txertatzea eta sakon sartzea. Baina gizartea mezu hori hartzeko prest dago? “Nola jotzen dugun harengana. Argi dago mezu erakargarria bidali behar dela eta pasiotik abiatuta egin behar dela, ez errutik. Bigarrenik, ebidentzia zientifikoetan oinarritu behar dugu beti, hala eginda nahasmenera eramaten duten informazio kontraesankorrak adierazi eta zabaltzea ekidingo baitugu. Eta hirugarrenik, koherentziatik eta sinesgarritasunetik komunikatu behar dugu”, amaitu du.
Interesgarria iruditu bazaizu, honako hauek agian izango dituzu gustuko:
Itsasoaren eta lehorraren artean
Mendiak bihurtzen diren itsasoak, itsasoak bihurtzen diren mendiak
“Etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun herentzia natura-ingurunea da”
Premiazkoa: hondakin plastikorik ez ibaietan
Kutsadura akustikoa ozeanoetan
Banku-txartelak, ozeanoetako hondakinetatik abiatuta
Itsasotik iristen diren sakelako telefonoetarako zorroak
Surflari handi batez gain, zer ikusten dugu olatuan?
Skeleton Sea: Itsasotik sortzen den arte berdea
Utzi erantzuna