Ekaineko aurreneko astean, Green Week egin zuten Bruselan, ingurumen-politikei buruzko Europako eztabaida-leku handiena, 2010az geroztik urtez urte agintariak, enpresak eta gobernuz kanpoko erakundeak batzen dituen topaldia.
Hala, eztabaida-leku horretan Jessica Roswall europar komisarioak adierazi zuen zaborrak diru bihurtu behar direla inportatuta ekartzen diren lehengaien mendekotasun handiegia duen Europa honetan.
Izan ere, Europar Batasunak milaka milioi tona lehengai kontsumitzen ditu urtero bere ekonomiak elikatzeko. Eta material horien guztien % 12 baino ez dira birziklatuak, 2030erako kantitate bikoitza izatea helburu badu ere.
Baliteke hondakinak aukera bat izatea birziklapen hori lortzeko. Batez ere, material teknologikoei, automobilgintzakoei eta abarri dagozkion hondakinak. Ez baitugu ahaztu behar haietan, haien osagaietan, piezetan eta baterietan mineral kritikoen kantitate handiak daudela, adibidez, berrerabil daitezkeen lur arraroenak, kobrearenak edo nikelarenak.
Europak 651 milioi tona hondakin sortu zituen 2022an, Eurostaten azken datuen arabera, eta tona horien guztien % 56,3 birziklatu zituen.
Baina, egun, material horiek Europan birziklatzea garestiegia da eta modu iraunkorrago eta eraginkorrago batean egin ahal izango duen industria bat behar da, eta, batez ere, beste herrialde batzuetatik kostu baxuan iristen den lehiari aurre egiteko balio izango duena.
2026an onartuko den Ekonomia Zirkularrerako Legearekin produktu birziklatuen kontsumoa areagotzeko asmoa du Europar Batasunak. Baina, lortu ahal izango da?
Aurrekaria ona da, material birziklatuen berrerabilera handitzen joan baita azken 12 urteetan. Horrek ekarri du naturatik erauzitako lehengaien kantitatea murriztea, nahiz eta era desberdinean gutxitu den EBko herrialde ezberdinetan.
Hondakinak zabortegira bideratzea ere murriztu da. Horrek adierazten du gero eta gehiago berreskuratu eta birziklatzen dela. Izan ere, egun, zabortegira bideratutakoaren batez besteko tasa % 21ekoa da, ezarrita dagoen % 10eko xedetik gertu, beraz. Edonola ere, gogoan izan behar da tasa hori ere aldatzen dela herrialdeen arabera.
Argi dago Europak orain aurrez aurre duela zirkularitate ekonomikoaren erronka handia eta bai lehiakortasunaz eta errentagarritasunaz hitz egiten duen ekologismoarena ere. Eta hori guztia, material berdeak halakoak ez direnekin prezioan ez lehiatzeko eskatzen den ekonomia batean. Izan ere, enpresa-esparruan, kontinente zaharrean exijitzen diren ingurumen-arau berberak betetzen ez dituzten inportazioko produktuei oztopoak jartzea eskatzen da. Ez luke ezertarako balioko produktuen barne-ekoizpenean ingurumenarekiko arduratsuak diren prozesu batzuen alde egiteak, kasu batzuetan, azken prezioa garestitzearen kontura gainera, antzeko produktuak inportatu ahal izango balirateke prezio merkeagoan, haien prozesuetan ingurumen-betebehar berberak ez betetzeagatik.
Hondakinen birziklapenari buruz gehiago jakin nahi baduzu:
Bereizi bai, baina ez nolanahi
Ixten ari gara, birziklapenari bidea emateko
Iturriak:
https://www.elmundo.es/economia/empresas/2025/06/07/68406382fc6c835a6e8b4579.html
https://www.pressreader.com/spain/el-mundo-nacional-weekend/20250608/281964613667990?srsltid=AfmBOorsLKbJyQgt6hqZOnBgkTUe0nj3Qe5GnveX2wBtUkDOSzYf_h0u
Utzi erantzuna