Posted

Baratzea eta konpostajea: bonba pedagogikoa

Ikastetxeko konpost-ontzitik ateratako konpostak elikatzen duen baratze bat haur-eskola baten barnean. 105 bularreko haur, ibiltari eta nagusiri zuzendutako heziketa-proiektua, zuzenean familiengan ondorioa duen ingurumen-sentsibilizaziorako proiektua. Hau “Zentzumenak lantzen” da, duela bi ikasturte Mendillorriko haur-eskolan abian jarri zuten ekimena.

- - - - - - - - - - - - -

*Testua: Mancoeduca

Beste postetan irakurri dugun bezqala, noizbehinka mugitzen gara ikastetxen artean haien ingurumen heziketari buruzko proiektuak ezagutzeko asmoz. Era horretan ezagutu ditugu Askatasuna institutoaren “Askatasuna. Ibai bazterreko tximeleta” proiektua (hemen irakurri), ‘Hondakinetatik energiara’ proiektua Nafarroako Mendillorri BHIrena (hemen irakurri), edo Ribaforadako arsandboxa ingurumena ulertzeko (hemen irakurri).

Gaur Mendillorriko haur-eskolara joango gara. Duela bi ikasturte hasi zen konpostajeari buruzko proiektu batean lanean, bere beste proiektuetako batekin, eskola-baratzekoarekin, batera.

Ikastetxe honek 105 ikasle ditu, lau sektoretan banatuta –bularreko haurrak, ibiltariak, ertainak eta handiak–, eta, guztira, 22 lagunek egiten dute lan, zuzendaritzan, sukaldean eta irakaskuntzan. Hain zuzen, haur-eskolak ikuspegi pedagogiko batetik heldu zion proiektuari.

Orain, hala ere, familiak inplikatzeko funtsezko helburua jarri diote beren buruari.

Ceciliak, haur-eskolako zuzendariak, zehazki azaldu digu proiektua.

Nolakoa izan da zuen esperientzia konpostaje-proiektuan?

Konpostajeari buruzko prestakuntza oso interesgarria izan zen, ez genuen ideiarik ere eta oso aberasgarria izan zen. Erabateko mundua da!

Konpostajea erabat integratuta daukagu eskolan. Egunero, sektore bakoitzak bere hondakinak eramaten ditu, ontzi marroi batean, hamaiketakoko fruten azalekin. Txikiak eurak dira, bi sektore bakoitzeko, eramaten dituztenak, egituratzailea gehitzen dute eta dena nahasten dute. Eta oso gogoko dute!

Zer kontatzen dizuete familiek konpostajearen gaiari buruz?

Kontzientziazio handia dago. Familia batzuek aipatzen dute etxean seme-alabek ez dietela uzten organikoak beste ontzi batera botatzen. Batzuek, gainera, beren ontzi marroia eskatzen dute etxean.

Zikloa nola ixten den eta dena aprobetxatzen den ikustea garrantzitsu bihurtzen da.

Izugarri gustatzen zaigu konpost-ontzira joan, edukia nahastea eta bertan dauden zomorrotxoak ikustea. Izan ere, han bizi izan den sugandila bat eduki dugu, eltxoak jaten.

Fase guztietan inplikatzen ditugu familiak. Adibidez, abuztuan bilera bat egiten da familiekin eta orduan irekitzen da konpost-ontzia. Gurasoek bahetzen dute konposta eta baratzean erabiltzeko uzten dute. Egia da konpost-ontzia irekitzea eta baso usaina duen lor horretaz gozatzea magia dela, zoragarria.

Konpostajea eta baratzea elkarri eskua emanda daude. Nola lantzen duzue baratzea ikasleak hain txikiak izanik?

Bada, egia esateko, prozesu luzeak izatean –ernamuintzea, birlandatzea, haztea…–, interesa galduko zuten beldur ginen, baina ez da hala, ezta gutxiagorako ere.

Prozesuak integratzen ditugu oso presente egoteko: hazitokiak ikasgelan edo beren jangelan daude, prozesua ikusteko aukera izan dezaten. Batzuetan azkarragoa eta erakargarriagoa da, adibidez, ekilore-pipitekin, egun batzuetan ateratzen baitira. Ikasleak txundituta gelditzen dira.

Ia egunero ateratzen gara baratzera, hotz edo bero egin. Botak jantzi eta baratzeko zereginak egiten dituzte. Ekoizteko 3 baratze-alor ditugu eta bat esperimentaziorako. Hain txikiak direnez, ohartu ginen baratzeko lanak antolatu egin behar genituela, baina oso jarduera zuzendua izatea ekidinda.

Talde bakoitzarekin 2 heldu ateratzen dira, baratzeko zereginez arduratzeko ekoizpeneko baratze-alorretan eta txikiekin egoteko esperimentazio-tokian. Han, jolas-proposamen bat prestatzen da. Hala, txikiek aukeratu dezakete jolasteko baratze-alorrean egon edo ekoizpeneko zatian parte hartu, baina betiere kontrolarekin: “Azalduko dizut zer ari naizen egiten, nola ari naizen, zergatik ari naizen eta parte hartzera gonbidatuko zaitut”.

Noizbait baratzean isilik egoteko saioak egin ditugu, hau da, hezitzaile-taldeak esku hartu gabe, eta zoragarria izan da ikustea nola diren antolatzeko gai.

Eta oporrak iristen direnean, hazitokiak etxera eramaten dituzte, banakako ardurak lantzeko.

Familiekin jarduera batzuk egiten ditugu, adibidez, landareak baratzera birlandatzea.

Nolakoa izaten da baratzeko uzta?

Neska-mutikoek erein, zaindu, ureztatu, birlandatu, bildu eta produktuak sukaldera eramaten dituzte, Cristinak, gure sukaldariak, prestatu eta haiek jateko aukera izan dezaten.

Dena den, esan behar dugu batzuetan biltzera joaten garela eta fruitu batzuk ez direla sukaldera iristen. Esate baterako, ilarrak eta marrubiak biltzeko garaia denean, sarritan, baratzearen ertzean esertzen dira, aletu eta jan egiten dituzte, eta, beraz, sukaldera ez da bakar bat ere heltzen!

Hori bai, joan den urtean zerba ikaragarriak eduki genituen. Asko izan genituen eta, izoztu egin genituenez, ikasturte amaierako festarako tortilla egin genuen familia guztiekin.

Gure proiektuaren izena “ZENTZUMENAK LANTZEN” da, eta horixe egiten dugu: gure zentzumenak askatu.

Oso argi dugu kanpoko lekuak birnaturalizatu behar direla eta ikasgelak aire zabalera atera behar direla. Ikaragarri aberasgarria da.

Neska-mutikoak testuinguru desberdinetan behatzea eta aztertzea interesgarria dela esatean, baratzeko saioen grabazioen gaia atera da.

Ikertzen eta baratzearen zentzu pedagogikoa bilatzen jarraitzen dugu. Etengabe aurkitzen eta ikasten ditugu gauzak. Baratzeko saioak grabatzen ditugu, batzuetan mutiko edo neskato bat behatzeko, zer prozesu gauzatzen dituzten ikusteko, zein diren haien interesak, haien beharrak… Oso tresna ahaltsua eta lagungarria da hezteko egiten dugun lanean.

Adibidez, aurreko ikasturtean, arreta fisiko handia eskatzen zuen neska bat genuen, hezitzailearekin kontaktuan egotekoa erabat. Grabazioak ikustean ohartu ginen etengabeko erreferentzia bat behar zuela, baina kontaktua nola egiten zen aldatu genuen. Egun hartatik aurrera, adi egoten ginen eta kontaktu bisuala egiten zuenean hitzez eta begiradarekin indartzen genuen gertatzen ari zena. Neskaren jarrera guztiz aldatu zen. Hezitzailearengandik bereizi zen eta bere autonomia pertsonala hobetu zen. Sinestezina izan zen.

Tailer-emailea etortzen den egunetan grabazio horiek egiteko aprobetxatzen dugu. Jarduera prestatu egiten da, heldu bakoitzaren rolak antolatzen dira eta, ondoren, analisi-denbora bat erreserbatzen da, ikusi dugun guztiaren gainean gogoeta egiteko.

Feedback honek baratzean gertatzen den guztiari zentzu pedagogikoa ematen laguntzen digu, eta geroagoko proposamenetarako prestatzen gaitu. Zalantzarik gabe, gure neska-mutikoak hobeki ezagutzeko bidea ematen digu.

Baratzera talde txikietan ateratzen gara –egun bakoitzean, gehienez ere, zortzi neska-mutiko–, eta beti galdera batekin, ezustekoaren eta ziurgabetasunaren artean mugitzea ahalbidetzen digunarekin. Eskolaren barneko proposamenetan egiten dugun gauza berbera.

Eta hori esanda Ceciliak baratzea eta proiektua ezagutzera gonbidatu gaitu. “Bonba pedagogikoa da”, amaitu du irribarretsu.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.