Sarriguren BHI institutuan, iraunkortasuna lehentasun bihurtu da. Izan ere, “Sarri for Future” programari esker, DBHko 1. mailako ikasleak beren etorkizunaren agintea hartzen ari dira, ingurumena hobetzeko proiektu berritzaileetan lan eginez.
Iraunkortasunarekin eta ekologiarekin lotutako gaiei diziplinarteko moduan heltzeko beharretik jaio zen proiektu honen ideia. Ikastetxeko hondakinen kudeaketan gabezia batzuk zeudela detektatu zutenean, irakasleek erabaki zuten ikasleak inplikatzea irtenbideen bilaketan. Eta hala sortu zen Ingurumen Batzordea eratzeko ideia, ikasleek erabakiak hartzea eta eskola-ingurunea hobetzean aktiboki parte hartzea ahalbidetuko zuen gunea.
Batzorde honen helburu nagusiak hauek ziren:
• Ingurumena kontserbatzean ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzea.
• Institutuaren eguneroko erabakietan ikasleek parte hartzeko bide bat erraztea.
• Ikastetxearen ekoauditoretza batean parte hartzea.
• Garapen iraunkorreko helburuei heltzea.
• Institutuan hondakinen kudeaketa hobetzea.
Asmo horrekin jarri ziren harremanetan Mancoeducarekin, Iruñerriko Mankomunitatearen ingurumen-heziketarako programarekin, eta programa horrek aholkularitza eskaini zien, zenbait bilera dinamizatu zituen eta material didaktikoak egin zituen, Batzordeari bere eginkizunak garatzen laguntzeko.
Eta hala, haiek izan ziren ikasle-taldeak ikastetxearen ekoauditoretza bat egin, ingurumen-arazo nagusiak identifikatu eta konponbide zehatzak proposatu ahal izateko modua eman zuten oinarriak.
Institutuaren diziplinarteko astean (aste horretako hiru egunetan jarduera, irteera eta tailer desberdinak egiten dira), CONFIT izeneko bederatzi tailer egin ziren. Detektatutako arazoak azaldu zituzten haietan, eta DBHko 1. mailako ikasle guztiek parte hartu zuten ikastetxeko hondakinen kudeaketa hobetzeko neurriak planteatzean.
Eta, amaitzeko, egindako prozesuaren sintesi-lan bat egin zen, eta 2025eko apirilean egitea aurreikusita dagoen ikastetxe iraunkorren topaketarako horma-irudi batean jaso zen.
Sarriguren BHIko ekimenak argi erakusten du gazteak ingurumen-arazoen irtenbideak bilatzean inplikatzea posible dela. Ikasleak ahalduntzean eta beharrezkoak diren tresnak ematean etorkizun iraunkorragoa eraiki dezakegu.
Beste ikastetxe batzuetan hainbat ekimenei buruzko berri nahi baduzu:
Elkarlana tresna moduan, proiektu eraldatzaile batean
Utzi erantzuna