Zenbait hamarkadatan, plastikoa aurrerabidearen, erosotasunaren eta kostu baxuen sinonimoa izan da. Alabaina, irtenbidea zirudien hori XXI. mendeko ingurumen- eta osasun-erronka handienetako bat bihurtu da. Krisi honen protagonistetako batzuk mikroplastikoak dira, egun planetako ia zoko guztietan… eta bai gizakion gorputzean ere dauden partikula ñimiñoak.
Bost milimetro baino gutxiagoko plastiko-zatiei esaten diegu mikroplastiko. Bi jatorri nagusi izan ditzakete:
- Lehen mailakoak edo primarioak, zuzenean tamaina horretan eginak, adibidez, garai batean kosmetikoetan eta garbigarri-produktuetan erabiltzen zirenak.
- Bigarren mailakoak edo sekundarioak, objektu plastiko handiagoak degradatzetik sortzen direnak, adibidez, botilak, poltsak, arrantzarako sareak edo ehun-produktu sintetikoak.
Denboraren poderioan, zati horiek txikiagotzen eta zatitzen jarraitu ahal dute, nanoplastiko bihurtzeraino, are txikiagoak direnak eta potentzialki arriskutsuagoak, ehunetan eta zeluletan sartzeko duten gaitasunarengatik.
Mikroplastikoak itsasoetan, ibaietan, lurzoruetan, airean, elikagaietan eta edateko uretan detektatu dira. Arnastu eta irentsi egiten ditugu eta haiekin kontaktuan gaude etengabe. Eta jada giza organoetan aurkitu dira, adibidez, biriketan, odolean, plazentan eta bai amaren esnean ere, eta horrek kezka izugarria eragin du zientzialarien artean.
Esposizio-bide nagusiak hauek dira:
- – Kutsatuta dauden elikagaiak eta edariak kontsumitzea.
- – Airean esekita dauden partikulak arnastea.
- – Kontaktua izatea egunero erabiltzen ditugun produktuekin, esate baterako, arropa sintetikoarekin eta ontziekin.
Nahiz eta ikerketa garatzen ari den oraindik ere, zientzia-azterketa ugarik ohartarazten dute mikroplastikoek partikula fisiko arrotz moduan jokatzen dutela, batetik, eta substantzia toxikoak, metal astunak eta mikroorganismoak garraia ditzaketela, bestetik.
Mikroplastikoek hauekin harremana izan dezaketela adierazi dute Europako proiektu batzuek:
- – Sistema immunitarioaren alterazioak.
- – Hanturazko prozesuak.
- – Arazoak garapenean, haurdunaldian eta haurtzaroan.
- – Gaixotasun alergikoak eta arnasketakoak.
Kontuan izanda haien tamaina izugarri txikia, nanoplastikoek hesi biologikoak gainditu ahal izango lituzkete eta zelulen funtzionamenduari eragin, eta horrek aztertu beharreko esparru berri bat zabaltzen du.
Azken urteetan, Europar Batasunak ikerketa-proiektuak bultzatu ditu, partikula horiek gure organismoan duten eragina hobeki ulertzeko. Hainbat ekimenek, besteak beste, AURORA, PolyRisk eta Plastial izenekoek, ezagutza, arriskua ebaluatzeko metodologiak eta mikroplastikoek eta nanoplastikoek giza osasunean dituzten eraginei buruzko ebidentziak sortzen lagundu dute.
Hala, azterlan horiek bat datoz ideia giltzarri honetan: oraindik gutxi dakigu, baina dakiguna nahikoa da, kontuz jarduteko eta beharrezkoa ez den esposizio bat prebenitzeko.
Plastikoek eragindako kutsadurak ez ditu mugak kontuan hartzen. Hori dela-eta, nazioarteko komunitatea plastikoengatiko kutsaduraren kontrako itun global batean ari da lan egiten, ebidentzia zientifikoan oinarritutako erabakiak eskatzen dituzten zientzialarien eta adituen partaidetza aktiboarekin.
Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpena murriztea, hondakinen kudeaketa hobetzea, ordezko materialak sustatzea eta kontsumo-ohitura arduratsuak bultzatzea ezinbesteko pausoak dira, nahiz eta ikusezina izan, jada gure egunerokoaren parte den mehatxu bat geldiarazteko.
Horrenbestez, behartuta gaude txikiari begiratzera, handia babesteko. Plastikoarekin dugun harremana berriro planteatzera behartzen gaituzte mikroplastikoek. Ikusten ez dugunak ondorio sakonak eta iraunkorrak izan ditzake. Haien inpaktua ulertzea eta garaiz jardutea giltzarria da, ingurumena babesteko ez ezik, baita egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasuna zaintzeko ere.
Mikroplastikoari buruz gehiago jakin nahi baduzu:
Mikroplastikoa, urteko gaztelaniazko hitza baino zerbait gehiago
Hondakinez betetako paradisuak
Surflari handi batez gain, zer ikusten dugu olatuan?












Utzi erantzuna