Zer gertatuko litzateke, eskolako hormak apaindu beharrean, sabaia naturaz betetzea erabakiko bagenu? Eta arteak balioko balu, bai toki bat edertzeko eta bai toki horretan bizitzeko eta toki hori ulertzeko modua aldarazteko?
Hori gertatu da Iruñeko San Frantzisko ikastetxean, bertan korridore nagusia lorategi eseki bihurtu baita. “Lorategi zintzilikaria” da, 1.400 hosto bakarrek eratua, ikasleek egunero egiten duten bidea beste modu batera begiratzeko gonbidapen bihurtzen duena.
Virginia Santos Itoiz izan da proiektuaren egilea. “Sentsazioa oso ona izan da. Pentsatzen nuen, beharbada, proiektu anbiziotsuegia irudituko zitzaiela, baina, azkenean, konfiantza izan dute, egin zitekeela sinetsi dute, eta oso ongi gelditu da. Ni neu ikaragarri pozik nago”, azaldu du artistak.
Virginiak urteak daramatza landare-itsutasuna borrokatzen saiatzen. Bere ibilbideak barne hartzen ditu ikastetxeetan egindako esku-hartzeak eta parte-hartze kolektibotik eraikitzen diren formatu handiko lanak. Bere jardunak sorkuntza artistikoa, bitartekotza eta pedagogia konbinatzen ditu, betiere ikuspegi irisgarri batekin eta komunitatea inplikatzean ardaztuta. Gainera, “La Ceguera Verde” bere proiektuari aitortza egin zioten Sevillako Unibertsitateko CICUS saria emanda, eta erakusgai egon da hala Sevillan nola Iruñean, azken horretan Arbola 2025 jaialdiaren esparruan.
“Hain zuzen ere, proiektu horrek hurbildu ninduen LABEA Arte-, zientzia- eta natura-laborategira, ekimen honen bultzatzailea den laborategi horretara. Gure arteko harremana joan den urtean sortu zen, Isabel Ferreira nirekin kontaktuan jarri zenean, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian prestatzen ari nintzen erakusketaren harira, eta berak erabaki zuen Arbola 2025 jaialdiko jardueren egitarauan sartzea. Hori izan zen San Frantzisko ikastetxean egin dugun “Sabaia landatu – Plantar el techo” esku-hartzearen hazia”.
Esku-hartze hau abiatu zen eskolako ikasleek zenbait hostoren ingerada edo silueta marraztu zutenean eskolako korridoreko landareak behatzetik abiatuta. Gero, marrazkiak digitalizatu, egurrezko pieza ebaki bihurtu eta egileen eskuetara itzuli ziren, haiek margotzeko.
Hortik aurrera, prozesua hazi egin zen. Ikasleak, irakasleak, familiak eta langile ez-irakasleak sorkuntza kolektibo batean inplikatu ziren, eta pieza horiek guztiak korridoreko sabaian kokatu zirenean amaitu zen. Hala, emaitza, esku-hartze estetiko bat ez ezik, artea, natura eta komunitatea lotzen dituen toki inguratzaile bat ere bada.
San Frantzisko ikastetxeko komunitate osoaren lankidetza (500 pertsona inguruk parte hartu dute) gakoa izan da proiektua gauzatzean. “Denen aldetik jaso dudan feedbacka oso aldekoa izan da. Ikasleek izugarri gozatu dute tailerrekin, eta eskola osoa inplikatu da egitasmoan. Oso ederra izan da komunitate osoa partedun egin ahal izatea”, adierazi du.
Ekimenaren helburua artistikotik harago joan da; gure egunerokoan inguruan ditugun landareak hauteman eta baloratzeko daukagun zailtasunari aurre egitea bilatu baitu. Izan ere, etengabe bizi bagara ere haiekin, askotan erreparatu ere ez diegun egiten. “Oraingo honetan, natura ikastetxearen eguneroko bizimoduan sartu dugu, eta artea tresna pedagogiko gisa erabili dugu”, zehaztu du.
Horrenbestez, prozesu kolektiboa ingurunearekiko harreman kontzientea sortzen saiatu da. “Ni pozik gelditu naiz. Izan ere, hau da LABEA laborategiarekin egin dudan aurreneko kolaborazioa, baina espero dut etorkizuneko beste kolaborazio batzuei atea zabaldu izana”.
Hau bezalako ekimenek txikiak eta handiak landareak behatzera eta haien balioa aitortzera behartzen dituzte, landareak gure ingurunearen funtsezko zatia diren heinean. Eta argi uzten dute ikaskuntza ez dela beti liburuetatik abiatzen. Batzuetan, begiak goratuz hasten da.
Kasu honetan, nahikoa da sabai bat landatzea eta gero korridore bat zeharkatzea gorantz begira.
Artea eta ingurumena elkartzen dituen beste ekimena batzuk ezagutu nahi badituzu:
Ekoartea: ekologia sakoneko abentura arte-museo batean












Utzi erantzuna