Posted

Lurreko zuhaitz urrutikoena, klima-aldaketaren kronikaria

Ranfurly zuhaitza Sitka izei bat da, eta jenderik gabeko Campbell uhartean dago, Zeelanda Berrian. Planetako “zuhaitz urrutikoentzat” jotzen da, eta, horrez gain, espezie inbaditzailea da, eta horregatik zientzialari batek baino gehiagok desagertzea nahiko luke. Edonola ere, ale hau moztu gabe geldituko da, Ozeano Australean karbono dioxidoa xurgatzearekin eta, beraz, klima-aldaketarekin gertatzen ari dena ulertzeko tresna baliotsua izan baitaiteke.

- - - - - - - - - -

Zuhaitzak inguruan ditugun altxor txikiak dira, sarritan erreparatu ere egiten ez diegunak. Jeneralean, edozein gizaki baino gehiago bizi dira, eta batzuek kondaira zaharrez hitz egiten dute, beste batzuek espirituaren orekaz edo zuraren ustiapenaz, eta bai Lurrak mendeetan zehar izan duen bilakaeraz ere. Jarraian dagoen lotura honetan, zuhaitz interesgarriei buruzko artikulu entretenigarriak aurkituko dituzu: https://ecoblog.mcp.es/l4r/wp-admin/post.php?post=27869&action=edit

Gaurko honetan, ordea, Ranfurly zuhaitzean jarriko dugu arreta. Sitka izei bat da (harizko musika-tresnak egiteko erabiltzen den koniferoa), eta jenderik gabeko Campbell uhartean dago, Zeelanda Berrian.

Zuhaitz horrek bederatzi metroko garaiera du, eta planetako “zuhaitz urrutikoentzat” hartzen da. Uharte horretako zuhaitz bakarra da, eta bai 222 kilometroko itzulinguruan dagoen bakarra ere.

Uste da 1900aren hasieran lord Ranfurlyk landatu zuela, garai hartan Zeelanda Berriko gobernadore zenak. Eta hortik datorkio izengoitia. Tenperatura hotzak, hezetasuna eta haizea jasan behar izaten ditu, eta urtean 650 ordu eguzki baino ez ditu hartzen.

Horrenbestez, ez da harritzekoa muturreko baldintza horietan bakarra izatea hazten Antartikoaren hegoaldeko lurralde oso horretan. Dena den, espezie inbaditzailetzat ere jotzen da, eta, hortaz, komunitate zientifikoaren barnean, zenbait zientzialari pozik egongo lirateke desagertuko balitz, Eskoziako Lur Garaietan egin zela kontatu genuenaren antzeko zerbait (hemen irakurri).

Hala ere, ale hau moztu gabe utziko dute, GNS Science erakundeak uste baitu zuhaitz hau tresna baliotsua izan daitekeela Ozeano Australean karbono dioxidoaren xurgapenarekin gertatzen ari dena ulertzeko, eta bai klima-aldaketaren ondorioz karbonoaren zikloa nola ari den ulertzeko ere.

Ozeano Australa –blog honetan berari buruz aritu ginen aurreko argitalpen batean (hemen irakurri) – karbono-hustuleku garrantzitsu bat da, azken 150 urteetan geratu diren isurpen guztien %10 inguru xurgatu dituena.

Zeelanda Berriko Deep South National Science Challenge erakundeak, Antartikoko Zientzia Plataformak eta Uraren eta Atmosferaren Institutu Nazionalak zenbait urte daramatzate lan egiten Ozeano Australean karbonoarekin gertatzen ari dena ulertzen saiatzeko. Ikerketa hori giltzarria da zehazteko munduko karbono-hustulekuek xurgatzeko ahalmen mugatua duten –ahitzen bada, berotze globalaren azelerazio masiboa eragin dezakeena–, edo, aitzitik, gaitasun mugagabea duten, indartu daitekeena, gero eta karbono gehiago xurgatzea lortzeko eta, hala, berotze globala murrizteko.

Duela 30 urteko airea ezin denez bildu, zuhaitzen eraztunak behatzen dira, landare horiek hazten direnean airearen karbono dioxidoa hartzen baitute, fotosintesiaren bidez, eta beren egiturak handitzeko erabiltzen baitute. Hartara, airea eraztun horietan finkatuta gelditzen da.

Ranfurly zuhaitza, zehazki, mendebaldeen aurkitu den zuhaitza da. Eman ditzakeen datuak interesgarriak dira, bere eraztunak handiak baitira eta bereizten errazak, erregistro bat lortzeko.

2016an, bere nukleoaren lagin bat atera zen, 5 mm-koa, baina ez da emaitzarik kaleratu oraindik.

Lurraren eremu magnetikoaren inbertsio-aldi labur bat kontatu zuen Zeelanda Berriko zuhaitz baten fosilaren istorioa ezagutu nahi baduzu, argitalpen hau irakur dezakezu:

Lurraren eremu magnetikoaren inbertsioa, zuhaitz baten eraztunen bidez kontatua

Eta CO2 hustuleku hurbil bat ezagutu nahi baduzu, argitalpen hau irakur dezakezu:

Hondakindegi izatetik basoen artxipelago izatera

Iturria:

www.theguardian.com/world/2022/sep/06/scientists-hope-worlds-loneliest-tree-will-help-answer-climate-questions

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.