Posted

Ontziei buruzko Europako araudi berria

Ontziei eta haien hondakinei buruzko 2025/40 Araudi (EB) berria 2026ko abuztuaren 12an hasi zen aplikatzen oro har. Europak orain arte izan duen ikuspegia aldatuko du araudi horrek: kontua ez da ontziak bildu eta hobeki birziklatzea, baizik eta haien hondakinak murriztea.

- - - - - - - -

Etxera iritsi berri zaigun kaxa bat ireki dugu. Barnean, paper zimurtua aurkitu dugu, zenbait aire-poltsa, bigarren kaxa bat, txikiagoa, eta, azkenean, produktua. Beharrezkoa zen hainbeste bilgarri izatea? Zer gertatzen da material horiekin guztiekin erabilera-minutu gutxi batzuen ondoren?

Mota horretako galderak daude ontziei eta haien hondakinei buruzko 2025/40 Araudiaren (EB) atzean. Oro har, 2026ko abuztuaren 12an hasi zen aplikatzen araua, eta orain arte Europak eduki izan duen ikuspegia aldatzen du: kontua ez da ontziak bildu eta hobeki birziklatzea, baizik eta haien hondakinak murriztea.

Izan ere, egia da ontziek produktuak babesten dituztela, haiek garraiatzea errazten dutela eta elikagaiak hondatzea ekidin dezaketela. Baina haien presentzia biderkatu egin da, eta halako moduan biderkatu da, ezen Europako hondakin-fluxu nagusietako bat bihurtu baita.

Gutxi gorabehera Europar Batasunean erabilitako plastikoen % 40 eta paperaren erdia ontziak egitera bideratzen dira, eta ontzi horiek hiri-hondakin solidoen % 36 inguru dira. Hau da, haiek murrizteak eragin garrantzitsua izan dezake lehengaien kontsumoan, garraioan, emisioetan eta kudeatu behar den zabor-kantitatean.

Orain arte, ontziei buruzko Europako legeria, nagusiki, estatu bakoitzak bere araudira eraman behar zuen zuzentarau baten bidez antolatzen zen. Testu berriak, ordea, araudi izaera du, eta zuzenean aplikagarria da Europar Batasuneko herrialde guztietan.

Horrek ez du esan nahi aldaketa guztiak 2026ko abuztuaren 12an agertu direnik bat-batean. Arauak egutegi progresibo bat ezartzen du, 2027an, 2028an, 2029an, 2030ean eta hurrengo urteetan abian jarriko diren betebeharrekin. Horrez gain, Europako Batzordearen ekintza teknikoak egongo dira, kalkulu-metodo batzuk, etiketak eta birziklagarritasuneko irizpideak zehaztuko dituztenak.

Biztanle bakoitzeko sortzen diren ontzi-hondakinen kantitatea gutxitu beharko dute estatuek, erreferentzia moduan 2018a hartuta: gutxienez % 5 2030erako, % 10 2035erako eta % 15 2040rako. Hori lortzeko, ez da nahikoa izango herritarrei eskatzea beste modu batera kontsumitzeko. Beren eginkizuna betetzen jarraitzeko beharrezkoa den gutxienekora murriztu beharko dituzte fabrikatzaileek ontzien pisua eta bolumena.

Zenbait ontzi kolektiboren, garraiokoren eta merkataritza elektronikokoren kasuan, toki hutsaren proportzioak ezin izango du % 50a gainditu. Betebehar hori, zehazki, 2030etik aurrera hasiko da aplikatzen, behin onartu direnean dagozkion arau teknikoak. Aire-kuxinak, burbuilak dituen plastikoa edo paperarekin egindako betegarriak toki huts gisa zenbatuko dira.

Azken helburua ideia soil honen bidez laburbildu ahal da: Europan ontzi gutxiago ibiltzea, material berri edo erabili gabeko gutxiago edukitzea eta, behin erabilita, berriro erabili ahal izatea edo benetan birziklatu ahal izatea.

Europako beste araudei buruz gehiago jakin nahi baduzu:

Aldaketak Europako legerian, greenwashing edo zuriketa berdea borrokatzeko

Ezagutu hondakinen prebentziorako europako ideia onenak

Kontsultatutako iturri ofizialak: 2025/40 Araudia (EB), Europako Batzordearen informazioa eta EUR-Lexen laburpen juridikoa.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.