Posted

Mendillorriko Hazitokia (El Semillero)

Bertako hazien banku bat, haziak biderkatzeko baratze bat, haziak eta ezagutzak trukatzeko saioak, hiri-baratze bat sortzen ikasteko tailerrak, landareen osasunari edo hazien hautaketari buruzko tailerrak, eta baratzean lantzen diren sendabelarren onuren gaineko beste tailer batzuk. Horiek guztiek osatzen dute Mendillorriko Hazitokia proiektua, Iruñerriko landareen barietateak kontserbatzeko eta natura beti beren aliatu handi moduan ikusi duten pertsonen jakintza eta lan ona sustatzeko asmoa duen ekimen bat.

- - - - - - - - - - - - - - - - - - - -

Aurreko argitalpen batean Arakilgo haziak zaintzezko sareaz hitz egin genuen. Hain zuzen ere, aipatu genuen Arakilgo nekazaritza tradizionalak nekazaritza modernoaren mehatxua sentitu zuenean, Udala, Sakanako Garapen Agentzia eta Arrea elkartea abian jarri zirela bizilagun zaharragoei entzuteko eta, haiei esker, ezagutza eta egiten jakitea berreskuratzeko. (hemen irakurri)

Duela hiru urte, Mendillorrin antzeko esperientzia bat abiarazi zuten, Hazitokia izena duena. Iruñerriko Mankomunitateak sustatuta, komunitate-trukearen bidez bertako espezieen haziak berreskuratzea sustatzen duen ekimena da, eta bai hazi horiek biltzeko eta hautatzeko teknikak ikastea ere. 

Helburu hori lortzeko, Hazitokiak hazien banku bat dauka eta bai hazi horiek biderkatzeko baratze bat ere.

Ur-biltegietako parkean, erabilera anitzeko aretoan dago bankua, eta Nafarroako Hazien Sareak hornitzen dituen haziak biltegiratzeko erabiltzen da, hautaketa- eta inbentario-sistema zorrotz baten bitartez.

Haziak biderkatzeko baratzea, bere aldetik, areto horretatik hurbil dago, eta haziak landatzeko eta, hartara, haiek berreskuratzea bultzatzeko baratze-alor batzuek eratuta dago.

Baina proiektua ez da bakarrik toki edo baratze bat, baizik eta erabateko esperientzia da. Esate baterako, hilean ostiral batean, haziak eta ezagutza trukatzeko saio bat egiten du Arrea Agroekologia Elkarteak. Gune ireki bat da, bertako barietateak berreskuratzeko interesa eta haziak trukatzeko nahia duten pertsona guztiek parte hartzeko modukoa, hazien bankuan dagoen barietateren bat eramanez edo beren barietateak eramanez bankura.

Izan ere, horixe da proiektuaren oinarrietako bat: trukea. Parte-hartzaileek hazi batzuk eraman ahal izatea etxera, baina baita haiek beste batzuk ekarri ahal izatea, Mendillorriko baratzea elikatu eta aberaste aldera. Eta batez ere, beren esperientzietatik eta adineko pertsonengandik jasotako ezagutza partekatzea.

Pertsona batzuen konpromisoa aspalditik dator, Hazitokia sortu zen egunetik. Nekazaritzaren zaleak izanik, beren baratzeak sortu zituzten eta Arrea Elkarteak jarraipena egiten die oraindik ere. Hartara, zirkulua osatzen da, baratze horiek Mendillorrikoa elikatzen hasi baitira beren hazien bidez.

Proiektuak, gainera, zenbait tailer egitea hartzen du barne, haietako asko Arrea Elkarteak berak gidatutakoa. Hala, haietako batzuk ematen dira herritarrek alderdi praktikoak ikasteko beren hazitokiak egiteko orduan; beste batzuk barazkiak toki txiki batean, adibidez, balkoian edo terrazan, landatzen direnean ahaztu ezin diren zenbait alderdi garrantzitsuri buruzkoak dira: zein labore diren interesgarrienak, zein den haietako bakoitzerako kokaleku egokiena, ereiteen eta landatzeen egutegia, zein ontzi erabil daitezkeen, substratu-motak, ongarritze- eta ureztatze-kantitateak, eta abar; eta beste batzuk baratzearen osasunari buruzkoak dira. Parte-hartzean oinarrituta, tailer horietan baratze ekologikoko landareak osasuntsu edukitzeko beharrezkoak diren prebentzio- eta zainketa-teknikak partekatzen dira.

Tailer horiez gain, Natalia Baztán belar-biltzaileak gidatzen dituenak egiten dira. Hain zuzen, Baztán arduratzen da Mendillorriko ur-biltegiko esparruaren barnean landatzen diren sendabelarretako batzuen onurei buruzko zertzeladak emateaz, adibidez, ilen kultibatuaren eta izpilikuaren onurei buruzkoak.

Jardueren multzo oso horrek eratzen du Mendillorriko Hazitokia proiektu anbiziotsua, ikusten den moduan, Iruñerriko landareen barietateak kontserbatzeko eta natura beti beren aliatu handi moduan ikusi duten pertsonen jakintza eta lan ona sustatzeko asmoa duen ekimen bat.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.