Posted

Berreskuratutako gai organikoen kantitatea biderkatzen duen sistema berria

2021eko udazkenaz geroztik, Iruñerriko Mankomunitatea edukiontziak elektronikoki irekitzeko sistema berri bat abiarazten ari da. 2022ko martxoan egindako karakterizazio-azterlaneko datuen arabera, edukiontzi marroietan bereiz bildutako gai organikoen kantitatea hirukoiztu egin da 6 hilabetean, hilabetean 81.640 kg izatetik egun hilabetean 280.876 kg izatera igarota. Irail honetan, eta gai organikoen %70 berreskuratzeko erronka izanda –Nafarroako Hondakinen Plan Integralak 2027rako jasotzen duen erronka–, Mankomunitateak berriro helduko dio kanpainari.

- - - - - - - - - - - -

2021eko udazkenaz geroztik, Iruñerriko Mankomunitatea edukiontziak elektronikoki irekitzeko sistema berri bat abiarazten ari da.

Sistema aldatzearen xedea da jatorrian gai organikoak bereiz biltzea emendatzea, sortzen diren hondakin guztien %34 halakoak baitira (50.975 tona, 151.261 tonatatik 2021ean). Horrez gain, edukiontzietan desegoki sailkatzen diren hondakinen kantitateak gutxitu nahi dira, bereziki, ontzietarako eta paper-kartoirako edukiontzietara botatzen direnenak.

Maila praktikoan, sistema ezartzeak berekin dakar gai organikoetarako edukiontzi marroia zabaltzeko giltza ordeztea, eta helbide bakoitzari lotuta dagoen txartel elektroniko bat edo mugikorrerako app bat erabiltzea. Gai organikoen frakziorako edukiontziak (estalki marroia) eta gainerakoen frakziorakoak (estalki grisa) asteko edozein egunetan ireki ahal dira, eta pedal bat daukate, errazago ireki ahal izateko.

Sistema berria ezartzeko lehenbiziko bi faseak 2021eko udazkenean eta 2022ko udaberrian egin dira, eta sistema ezartzea aurreikusita dagoen eremu osoaren %50era iritsi dira. Hala, laugarren eta azken fasea amaitzen denean, edukiontziak zabaltzeko sistema berri honek 356.000 biztanleri emango die zerbitzua (biztanleen %94), 350.000 txartel egongo dira banatuta 175.000 etxebizitzatan eta establezimendutan, eta 4.171 edukiontzi egongo dira egokituta.

Sistema berria ezartzen laguntzeko, asmo handiko komunikazio-kanpaina bat egiten ari da, aldaketa ongi azaldu ahal izateko eta herritarren ekarpen eta zalantza guztiak entzuteko. Helburu horrekin, bisitak egin dira 78.414 etxebizitzatara eta 7.661 establezimendutara, eta 81.788 txartel-pare banatu dira. Orain arte egokitu eta instalatu diren edukiontziak 1.858 izan dira.

Nafarroako, Estatuko eta Europako erakundeek ezarritako helburuak lortzeko neurriak hartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko herritarrak, sentsibilizazio-ekintzak egin dira eta 3.700 parte-hartzaile baino gehiago izan dira haietan. Ekintza horiek, besteak beste, hauek izan dira: “Alejo karramarroaren etxea” showroom-a, bisita gidatuak Gongorako HHTZra eta hondakinak pneumatikoki biltzeko Lezkairun dagoen zentralera, hainbat azokatan “La Plastikeria” salmenta-postua kokatzea, “Helburua 2030” ihes-jokoaren saioak, prestakuntza emateko zenbait tailer eta erakusketak.

Kanpaina honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahi baduzu irakur ditzakezu post hauek:

Hondakinei buruzko albiste faltsuak ezeztatzen

Komunikazioa ekintzarako tresna bihurtzen denean

Hondakinak baliabideak dira

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.